Ander da istorioaren protagonista. 33 urte ditu, eta psikiatrikotik atera berria da. Drogarekiko menpekotasunaren eta eskizofreniaren menpe egin behar dio aurre egunerokoari. Oier laguna izango du alboan Anderrek; idazlea da Oier, eta lagunak eskatuta, garai bateko gertakari batzuei buruz idatziko du, Anderri laguntzeko bizitza bera ulertzen. 90eko hamarkadako Eibarren dago kokatua kontakizuna. 2014ko Igartza saria irabazi zuen Villenak, eleberria proiektu zenean oraindik.
Ahots eta estilo aniztasuna da 'Hauts haietatik' eleberriaren ezaugarrietako bat. Villenak asteartean nabarmendu zuenez, eleberria bera “gaixotasunaren eta menpekotasunaren metafora” izan daiteke: “Gaixo zaudenean sentimendu oso desberdinak eduki ditzakezu egun batetik bestera, eta gauza bera gerta dakieke irakurleei liburu honekin. Menpekotasunarekin ere, berdin: hasieran oso engantxatuta egon zaitezke, handik gutxira dena zalantzan jarri...”.
Gustura entzun zituzten irakurle txokoko kideek Villenaren hitzak, eta eleberriari buruzko iritzia eman ere bai.