Zumaburu eskolako zaharberritze lanak esleitu dira

Txintxarri Aldizkaria 2016ko maiatzaren 17a

Zumaburu-Sasoeta eskola publikoko Zumaburu eraikineko estalkia eta fatxada zaharberrituko dira aurki. Udalak Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza bat lortu du lanak egiteko.

Eslaban Obras y Servicios SL enpresak eramango ditu aurrera lanak. Fatxada SATE sistemaren bidez isolamendua zaharberrituko dute kanpoaldetik, oraingo estalkia eratsi eta haren ordez teila zeramikozkoa jarriko dute eta beheko patioko gune estaligabeak metalezko estruktura baten bidez estaliko dituzte. Hau egiteko 381.456,87 euroko aurrekontua du.

Lasarte-Oriako Udalak jakitera eman duenez, enpresa adjudikatarioak lizitazioaren hobekuntza batzuk eskaini zituen, hasiera batean aurreikusi gabeko obra batzuekin, eta horrek 28.387 euro aurreztea dakarkio Udalari. Hobekuntzak honako hauek dira: estalkian segurtasun-kableak instalatzea, barruko patioko hormigoizko hormak egokitzea, galtzadarrizko zorua garbitzea, barruko patioko zutabeak egokitzea eta kolpeetatik babestekoak ipintzea, paperontzi berriak hornitzea, kanpoko patioko zutabeetan kolpeetatik babestekoak ipintzea eta ikasgeletako sabai eta paretetan hezetasunak konpontzea.

Obren zuzendaritza Markitec arkitektura-estudioak gainbegiratuko du. 

Lasarte-Oriako Udalak adierazi duenez, zuinketaren akta sinatzeko ostegun honetan egingo den bileran zehaztuko da obren egutegia, "eskola-umeei eragingo dieten afektazioak ahalik gutxien izan daitezen".

Honetaz gain, lan hauetarako Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailean diru-laguntza izapidea egin eta ebazpena baiezkoa izan dela ere helarazten du. Era honetara, 219.652,60 euro jasoko ditu Lasarte-Oriako Udalak, kostuaren % 58a.