Giza Eskubideen aldeko trena maiatzaren 29an igaroko da Lasarte-Oriatik

Txintxarri Aldizkaria 2016ko maiatzaren 17a

Maiatzaren 29an, igandearekin, Lasarte-Orian geldituko da euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko trena. 19:00etatik aurrera, herriko kulturgintzako hainbat eragile eta norbanakok salatuko dute espetxe-politikak kulturalki ere isolatzen dituela presoak. Egun horretatik aurrera, beraz, giza eskubideen aldeko trenak bagoi bat gehiago edukiko du: kulturarena.

Sarek urtarrilean abian jarritako erronkak, euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideak errespetatzen dituen trenak, maiatzaren 29an, igandearekin, egingo du geldialdia Lasarte-Orian. Herriko kaleetan barrena errebindikazioz jositako ekitaldiak burutuko dituzte gure herriko kulturgintzako hainbat norbanako eta eragileek. Era berean, salatuko dute espetxe-politikak kulturalki ere isolatzen dituela presoak. "Kartzeletan urratzen diren eskubide guztiak islatuko dira ekintzetan; alaia izango da, eta errebindikazioz betea aldi berean", adierazi dute Sare Lasarte-Oriako kideek. Atzo arratsaldean aurkeztu zuten egitasmoa, tren geltokian.

19:00etan hasiko da lehenengo ekitaldia, tren geltokian bertan. "Kultura" izango da aldarrikatuko duten eskubidea. Handik ordu laurdenera, Pintore eta Pablo Mutiozabal kaleen arteko zabalgunean, "ikasteko eskubidea" izango da protagonista. Sagardotegi kalekoa izango da hurrengoa, 19:30ean; "euskara espetxean" izango du oinarri. 19:45ean Elizatze plazan geratuko da trena, "osasun eskubidea" aldarrikatzeko. 20:00etan, brigitarren plazan, dispertsioa salatuko dute, eta biziarteko zigorrak handik ordu laurdenera, Askatasunaren parkean. Azkeneko geldialdia Okendo plazan egingo du trenak, 20:30ean: "eskubideen urraketaren amaiera" eskatuko dute treneko bidaiari guztiek.

Xumela, Txalagore taldea, Joseba Tapia, pailazoak, herriko literatur txokoko kideak, antzezleak, abeslariak, bertsolariak, txistulariak... Esan bezala, herriko kulturgintza osatzen duten hainbat norbanako eta eragilek hartuko dute parte maiatzaren 29ko egitasmoan.

Espainia eta Frantziako gobernuei eskaerak

Ekitaldia aurkeztearekin batera, Sare Lasarte-Oriako kideek hainbat eskaera egin zizkieten Espainiako eta Frantziako gobernuei: dispertsio politikaren amaiera, gaixo dauden presoen askatasuna, 70 urtetik gora eta kondenaren bi herenak jada beteta dituztenak kaleratzea, iheslari eta deportatuak euren eskubideen jabe izatea -besteak beste, osasuna, lanpostu duina edota euren eskubide zibili eta politikoak bermatuak izan ditzatela, eurak Euskal Herrira bueltatzea ahalbidetuz- eta kolektibo zehatz baten kontra ematen diren salbuespen legeen amaiera.

"Gatazka konpontze aldera ezinbestekoa da urrats horiek ematea, gure ustez; elkarbizitzan oinarrituko den bake eszenatoki bat ahalbidetuko luke", nabarmendu zuten atzo Sareko kideek. "Ondorio horiek gainditu ezean, ezingo da gatazka amaitutzat eman; eremuz eremu lan eginez, trenean bagoiak gehituz jarraituko dugu: euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen alde egotetik, horiek berma daitezen lan egitera pasako gara", zehaztu zuten. "Kolektibo horien eskubideak urratuak diren heinean, gure jendartearenak ere urratuak dira". 

Aurkezpen ekitaldia amaitu aurretik, Sareko kideek lasarteoriatar denak gonbidatu zituzten maiatzaren 29an pasako den trenera igo eta giza eskubideen aldeko ekimenean parte hartzera.