Zortzi marka pertsonal eta bi errekor berri Tarbesen

Txintxarri Aldizkaria 2016ko maiatzaren 17a

Tarbesen (Frantzia) aritu ziren igerian Buruntzaldea IKTko kide Janire Berasarte, Nahia Jie Villamediana eta Irati Arzalluz, pasa den asteburuan. Ederki aritu ziren hirurak, eta uzta oparoa ekarri bueltan herrira: denera, zortzi marka pertsonal eta bi errekor berri.

Berasartek, Villamedianak eta Arzalluzek zeresana eman zuten '26es Nautiques de Tarbes' txapelketan, pasa den asteburuan. Burutu zituzten proba guztietan marka pertsonalak egin zituzten, eta taldeko bi errekor berri birrindu ere bai. 

50, 100 eta 200 bizkar probak egin zituen Villamedianak. 50 metroko proban bosgarren izan zen finalean, 34,66 segundoko denbora eginez. 100 metrokoan, berriz, laugarren marka onena ezarri zuen: minutu bat eta hamalau segundotan geratu zuen erlojua. 200ekoan ere aritu zen finalean, bederatzigarren postua erdietsiz, 2.39,45eko markarekin.

Arzalluzek hiru distantzia horiek berak osatu zituen, baina estilo librean. Espainiako gutxienekotik oso gertu geratu zen 50ekoan, erlojua 30,35 segundotan geratuz. 100ekoan 1.14ko denbora egin eta finalera sailkatu zen; 4. izan zen azkenean, denbora berbera eginez. 200ekoan, azkenik, 2.23,94ko denboran egin zuen, berriro ere Espainiakora sailkatzeko beharrezko denbora egitetik oso hurbil.

Distantzia luzeagoko bi proba egin zituen Berasartek: 400 eta 800 libreak. Marka pertsonalak egin zituen bietan: 5.15,29an geratu zuen erlojua aurrenekoan, eta 10.43,18ko denbora egin bigarrenean. Hori gutxi balitz, taldeko 16 urteko errekor berriak ere ezarri zituen.