Solfa koru galiziarraren bisita jaso zuten Xumela abesbatzako lagunek larunbatean. Goizetik girotu zituzten herriko kaleak Elebeltzeko Rezibatukadaren laguntzaz. Euskal kanta tradizionalak eta batukada erritmoen arteko nahasketa bereziarekin gozatu zuten herritar askok, euria alde batera utziz.
Galiziarrak Albaolan izan ziren goizean eta eguerdi aldera iritsi ziren Lasarte-Oriara. Kukukako dantzariek Geltoki kalean agurtu ondoren, Mikel Laboaren “Txoria txori” abestu zuten.
Okendo plaza eta erdiguneko kaleak alaitu zituzten, euskarazko eta galizierazko kantak abestuz.
Elkartasun jaialdia
Elebeltz Topaguneari elkartasuna adierazteko asmoz, jaialdia antolatu zuten arratsaldean. Goizean lagun galiziarrekin eta Xumelarekin kantuan aritu ostean, bazkari beganoa prestatu zuten.
Behin tripak beteta, Tony Magoak magia erakustaldia eman zuen. Musikak txanda hartu zuen, ondoren; Pelax, Gabezia, Hilotz, The Garax eta Rukula taldeen kontzertuekin.