Euskalgintzan atzerako begirada

Txintxarri Aldizkaria 2016ko maiatzaren 13a

Atzo arratsaldean Lasarte-Oriako eukalgintzaren historia aztertu zen Ttakun kultur elkarteak eta Argia aldizkariak elkarlanean antolatutako 'Lasarte-Orian euskararen bilakaera. Atzera begira, aurrera begiratzeko' mahai-inguruan.

Lasarte-Oriako euskalgintzaren barruan hainbat dira aurten urteurrena ospatzen duten erakunde edo elkarteek: Ttakun K.E., Landaberri ikastola, Sasoeta-Zumaburu ikastetxea, Muntteri-AEK, Udal euskaltegia, Earra! Bertso-eskola, Xumela abesbatza... Hori horrela izanik, Ttakun kultur elkarteak eta Argia aldizkariak mahai-ingurua antolatu zuten atzo, bost hamarkada hauetan Lasarte-Orian euskalgintzak izan duen garapena aztertzeko. Argiak aste honetan aurrera eraman duen 'Lasarte-Oria ikusteko beste betaurrekoak' ekimeneko ekintzetako bat zen.

Villa Mirentxuko hitzaldi aretoan bildu ziren herritarrek Pello Sasian Euskara Batzordeburu ohiaren, Mailu Arruti Landaberriko ikasle, AEKko arduradun eta Ttakun elkarteko lankide ohiaren eta Marga Iturriza Sasoeta-Zumaburu ikastetxeko irakasle eta zuzendari ohiaren esperientziak entzun ahl izan ziren. Solasaldia zuzentzen Onintza Irureta Argiako langilea izan zen.

Besteak beste, Estatuko beste lurraldeetatik lan bila etorritako jendearen ondorioz, Lasarte-Oriaren hedapen geografikoa, ikastolak irekitzeko izan ziren arazoak, eskola publikoan eman behar izan zen eraldaketa, gau eskola eta AEKren lehen pausoak edo azken urteetan hizkuntzaren ezaguerak izan duen gorakada gogora ekarri zituzten hizlariek.

60. hamarkadan, Lasarte-Oria Bizkaia ezkerraldeko herrien pareko bihurtu zela adierazi zuten. Lasarte-Orian bi komunitate ezberdin aurki zitezkeela azaldu zuten hizlariek. "Ikastolara joaten ginenak minoria bat ginen" aipatu zuen Mailuk. "Gaztelera zen nagusi plazan. Euskara tarteka entzuten zen eta etxeko giroan hitz egiten genuen," atxikitzen zuen Pellok.

Horri aurre egiteko, Mailuk eta Margak Lasarte-Oria euskalduntzeko egin zen lana goraipatu zuten. "Borondatea eta debaldeko lan asko egon zen," jakitera eman zuen Mailuk. Margak gainera Lasarte-Oria beste herrientzat erreferentea dela adierazi zuen, "hemen egin diren txosten teknikoak beste herrientzat erabilgarri izan dira". Horretarako, Euskara Batzordearen lana ezinbestekoa izan dela azpimarratu zuen.

Bide guzti honetan elementu bat azpimarratzen zuten guztiek, alde guztietatik euskararen beharra ikusi zela. "Euskara errespetuz erabiltzea lortu zen," aipatu zuen Pellok. "Proiektu eta programak adostuak ziren. Nahiz eta alderdi ezberdinak egon euskara batzodeburu, euskararen alde apustu egiten zen," atxiki zuen.

Baina proiektu horiek gauzatzeko herritarren beharra zegoen eta eukara zekiten herritarrek zuten eskaera ikusirik 90. hamarkadan Ttakunen sorrerarako pausoak eman zirela aipatu zuen Pellok. 

Eskola publikoko B ereduaren inplantazioa ere hizgai izan zen, baita herrian zeuden bi komunitateetako gurasoek zituzten kezkei buruz ere.

Belaunaldi berriak

Etorkizunari begira Mailuk euskararen erabilerari eutsi behar zaiola uste zuen. Margak berriz, egoera mantentzeko lan egin eta aurrerapausoak ematen jarraitu behar dela. Pellok ere erabilerari ematen zion garrantsia eta euskararen "prestigioari".

Mahai-inguruan Iñaki Arruti Euskara Batzordeko zuzendaria zegoela baliatuz, gaur egungo datuak ere entzun ahal izan ziren. Euskararen ezaguera haur eta gazteetan handia dela, baina honen erabilera batez ere gazteetan bermatua ez dagoela azpimarratu zuen Iñaki Arrutik.

Horren ondorioz, entzuleen eta mahai kideen arteko solasaldia egon zen.