Iñigo Altuna hirugarren Lazkaon

Txintxarri Aldizkaria 2016ko maiatzaren 10a

Podiumera aupatu zen Iñigo Altuna Bazpi taldeko juniorra pasa den asteburuan, Lazkaon. Hirugarren postuan helmugaratu zen, 2.01.24ko denbora eginez. Asier Pozo infantilak, berriz, bigarren postua erdietsi zuen Gipuzkoako txapelketan, Oñatin.

Emaitza onak lortzen jarraitzen dute Buruntzazpi txirrindulari taldeko kideek. Iñigo Altuna juniorra Lazkaoko podiumaren hirugarren mailara igo zen, eta Oñatiko Gipuzkoako txapelketako bigarrenera Asier Pozo infantila.

Aipatu bezala, junior mailakoek Lazkaomendi probaren 40. edizioa jokatu zuten pasa den larunbatean. Iñigo Altunak hirugarren postuan bukatu zuen: bi ordu, minutu bat eta 24 segundo behar izan zituen ibilbidea osatzeko. Horrez gain, bigarren izan zen mendiko sailkapenean. Hamabosgarren helmugaratu zen Jokin Alberdi, eta 29. Luken Carbayeda. Txirrindularien lan ona islatu zen taldekako sailkapenean: hirugarren onena izan zen Buruntzazpi.

Alebin eta infantilen Gipuzkoakoa

Errepideko denboraldiko hitzordu garrantzitsuenetako bat jokatu zuten Bazpiko alebin eta infantilek pasa den asteburuan, Oñatin: Gipuzkoako Txapelketa. 

Asier Pozok, egiten ari den denboraldi onari jarraiki, bigarren postua eskuratu zuen proba horretan. Beti da meritugarria gisa horretako emaitzaren bat lortzea, baina are balentria handiagoa izan zen iragan larunbatekoa, erori egin baitzen lasterketa jokatu bitartean. Pozok, ordea, primeran eman zion buelta egoerari, eta podiumeko bigarren mailara igo.