Kontakt Inpro dantza New Yorken 60-70. hamarkadetan sortu zen dantza da. Mundu mailan oso hedatua dago. “Teknika bat da non, kontaktuaren bidez, elkar ekintzaren bidez, entzumenaren bidez, norberaren, espazioaren eta besteen kontzientzia izanik mugimendua bideratzen den. Kontakt inprobisazioa da teknika horiek inprobisaketara eramatea”, azaldu digu Oskar Estanga 'kontakteroak'.
Maider Oiartzabalek aipatu legez, kontakt-aren esentzia ez da erakustea. ”Steve Paxtonek sortu zuenean, barruari begiratzen zion. Fokua gure arteko harremanean zer gertatzen den da. Hor zerbait ikaragarria sortzen bada, primeran. Oso osasuntsua da besteen begiradaren menpe ez egotea”.
Euskal Herrian orain dela lauzpabost urte hedatu da gehien, nahiz eta aurretik ezaguna izan. “Donostian Maider eta saio irekiak egiten hasi ziren, Bilbon ere, Iruñean... eta erabaki genuen elkarte bat egitea”, aipatu du.
Dantzaren onurak
Oskarrek eta Maiderrek aipatzen dutenez, elkarteko kideek ez diote dantza teknikari garrantzia handirik ematen: “Dantzaren onurak eta ondorioak interesatzen zaizkigu”.
Dantza honen bidez, “fisikoki entzumena garatzen du, gorputzaren malgutasuna eta besta gauza pila lantzen dira eta emozionalki ere lanketa handia egiten da.”
Tresna potentea da haien ustetan: “Beste pertsonekin harremantzeko atea da, inprobisaziorako tartea ematen du, rolen hausnarketa egiteko balio du”.
Errespetua eta naturaltasuna
Oskarrek adierazi moduan, norberaren trabez ohartzeko balio du. “Kulturalki harreman fisikoa ez dugu asko lantzen. Familia harremanetatik bikote harremanetara igaro ohi gara eta erdian dagoen tarte handia aztertzeko geratzen da”.
Horretarako, Maiderrek azpimarratzen duenez, dantza teknika honetan errespetua eta naturaltasuna dira giltzak. “Marko bat sortzen da. Eta bertan dantza egiten duzu bestearekiko errespetua izanik. Naturaltasuna ere, garrantzitsua da. Umeak jolas modura ikusten dute. Ez dute aurreiritzirik eta era naturalean parte hartzen dute. Helduek ahaztu egin dugu hori”.
Lasarte-Orian
Hau guztiaz gain, topaketek alde ekonomikoari garrantzirik ematen ez diotela aipatu dute. “Dena doan egiten da eta Udalen laguntza eskatzen da antolatzeko”.
Aurten III. Topaketa gure herrian izango da asteburuan eta ehun bat dantzari izango dira bertan dantzan.
“Maider eta Kukuka daude bertan. Gainera Lasarte-Oria kultur mugimendu handiko herria da”, azpimarratu du Oskarrek. “Lasarte-Orian antolatzeko gogoa aspalditik genuen, baina hirugarrenean izan behar”, aipatu du Maiderrek.
Penintsula osotik eta atzerritik etorrirako dantzariak izango dira bertan. “Madrilen eta Bartzelonan foku handiak daude, baina gure topaketa ere erreferente bihurtu da Penintsulan eta kanpoan”.
Egitaraua
Topaketetan hiru atal bereizten dira.
Kontakt teknika garatzeko ikastaroak eta jam saioak izango dira Sasoeta ikastetxeko gimnasioan.
Horiek Elkarteko kideek emandako saioak izango dira. “Kideek beste topaketa edo ikastarotan ikasitako eskaintzen dute bertan. Gure buruari oparitzen diogun master bat da”, azaldu du Oskarrek.
Saio irekiak edo jam saioak ere egongo dira ostiral gauean, larunbatean bazkaldu baino lehen eta gauean eta igande arratsaldean.
“Hau da dantza honen esentzia eta zikloa osatzeko balio dute. Guztiak pasa gara hauetatik teknika honetan gure lehen pausoak emateko. Jendeak bere modura inbestigatzeko tartea da eta ez da teknikarik behar hau egiteko”, ohartarazi du Oskarrek.
“Dena dago onartua teknika honetan. Ez dago zertan parte hartzerik. Jendea etorri eta kanpoan geratu daiteke ikusten”, adierazi du Maiderrek.
Larunbat gauean, festa berezia izango da Jalgi Kafe antzokian.
“Harremanak lantzeko modu bat da”, aipatu du Oskarrek. Maiderrek, “aisialdi sanoa sustatzen dugu. Dantza berez plazer bat da eta ez da zertan sustantziarik behar honetaz gozatzeko”, atxiki du.
Azkenik, dantza estilo hau ezagutzera emateko kalera aterako dira igandean, 13:00etan. Maiderrek zuzendutako performancea ikusteko aukera izango da Okendo plazan.
Herritarrei irekia
Saio guztiak lasarteoriatarrentzat irekiak izango direla jakitera eman dute.
“Edonor ongi etorria izango da. Haur eta helduak, ezinduak... Ez dago genero bereizpenik, gorputzarekin lanean zaude eta”, azpimarratu du Maiderrek.
Azkenik, Topaketaren ostean, herrian taldea sortzea ametsa izango litzatekeela jakitera eman du Oskarrek.
Topaketari buruz informazio gehiago jakin nahi duenak Maider Oiartzabalekin harremanetan jarri edo ehkie.kontakt@gmail.com helbide elektronikora mezu bat bidali dezake.