Xumelak harrera beroa Baztanen

Txintxarri Aldizkaria 2016ko maiatzaren 9a

Lasarte-Oriako Xumela koruak, Zarauzko Montetxio eta Hondarribiko Olagarro koruekin batera asteburu pasa ederra igaro zuen Baztanen.

Apirilaren 30ean larunbatarekin abiatu ziren Lekarozko aterpetxera hiru korotako 100 lagun, egitarau oparoa betetzeko asmoz. 

Larunbatean bertan Elizondoko alkatearen eta historialari baten eskutik bisita gidatua izan zuten goizean goiz eta eguerdian 500 pertsonaz lagunduta kantujiran ibili ziren txistulariekin batera. Haurrak, gurasoak, gazteak…denak elkarrekin. 

Arratsaldean berriz, Erratzuko elizan eskaini zuten kontzertua. Egunari amaiera elkarrekin batera afalduz eman zioten Baztango Gaztelu koruarekin batera. 
Igandean Amaiurko herritarrak zituzten zain. Bertan, bisita gidatuaz gain gaztelura igo ziren denak. Bertako historia ezagutzeaz gain kantu saio ederra burutu zuten, tartean, Nafarroako ereserkia abestuz. 

Elizondon bukaera eman zioten asteburuari kantari, datorren urtean baztandarrei  Lasarte-Oriara etortzeko gonbitea eginez. 

Galiziarren bisita

Hain zuzen ere, iaz Galizian izan ziren eta datorren asteburuan, maiatzaren 14an eta 15ean, Galiziako Solfa Kultura eta Musika elkarteko kideek asteburu pasa izango  dute Xumela  koruko lagunekin batera Euskal Herrira egingo duten bisita dela eta. 

Joan den urtean izan zen Xumela korua, Hondarribiko Olagarro eta Zarauzko Montetxio koruko lagunekin batera Galizian kantari hiru egunez.  

Aurten, Euskal Herriko koruek luzatutako gonbidapenari erantzunez, gure artean izango ditugu galiziarrak.  

Larunbatean, goizean goiz Pasaiako Albaolara egingo dute txangoa eta eguerdiko 13:00etan Lasarte-Oriako Okendo plazan kantaldia partekatuko dute Galiziako eta Euskal Herriko koruek.  

Igandean Zarauzko Modelo zineman Jon Maia bertsolariaren hitzaldia izango da goizeko 10:00etan. 

Ondoren, kantaldia eskainiko dute Galiziako Solfa elkarteko kideek, Lasarte-Oriako Xumela eta Zarautzko Montetxio koruko kideekin batera. 

Bukatzeko, elkarrekin mokadua jan eta topa eginez hurrengo batera arte agurtuko dute elkar.