Erromeria igande haizetsua

Txintxarri Aldizkaria 2016ko maiatzaren 8a

Haize zakarrari desafio eginez, herritar ugari igo dira gaur goizean zehar Azkorte ermitara, Ttakun KEk, Udalak eta herriko hainbat taldek elkarlanean antolatutako erromeriaz gozatzera. Herri kirolak, dantzaldia, eta, nola ez, indarrak hartzeko jaki eta edariak izan dira protagonista.

Usadioari jarraiki, Santa Krutz eguna ospatu da gaur goizean Azkorteko ermitan. Herritarrek ez dute hutsik egin, eta oinez zein autobusez joanda, Ttakun KEk, Udalak eta herriko hainbat eragilek elkarlanean prestatutako erromeriaz gozatu dute. Haizea ere ez da oztopo izan, egitarauan aurreikusitako ekintza denak egin baitira.

Goiztiarrenek Gurutze Santuko Ama Birjina gurtu ahal izan dute, ermitan bertan; Urnietako apaiz Xabier Muruak eman du meza; herriko Alboka abesbatzako kideek aritu dira korua egiten.

Mezara sartu ez diren herritarrek ez dute denbora galdu. Hamaiketako legea egin dute horietako askok, Ttakun KEk eta hainbat herritarrek prestatutako txorizo zein haragi egosi pintxoak eta sagardo freskoa edanez. Biyak Bat adinekoen elkartekoak ere hartu dituzte indarrak, eurek prestatutako patata tortila ogitartekoekin. 

Oinez igo dira Azkortera mendizale asko, eta baita autobusez ere, Biyak Batek jarritako zerbitzua gora eta behera ibili baitzen goiz osoan zehar.

Erromeria eta herri kirolak

Ohi bezala, Ttirriki Ttarrakako kideek alaitu dute Azkorte, trikiti eta pandero doinuekin. Ez dira gutxi izan hamaiketakoa egin eta gero dantza egitera animatu diren herritarrak, ume zein helduak, eguraldiari dagokionez triste samarra izan den goiza alaitu asmoz.

Tarte luze batez jotzen aritu ostean, atsedenaldia egin dute Ttirriki Ttarrakakoek, eta herri kirolak hasi dira.

Batetik, aizkora eskuan, Mutrikutik etorritako Aratz eta Ugaitz Mugertza anaiak. Bestetik, Telleria anaiak, Beñat eta Urtzi, mota guztietako harriak jasotzen trebeak. Erakustaldiarekin gogotik gozatu dute Azkortera bertaratutakoek. 

Makina bat proba eta desafio burutu dituzte. Aratz eta Ugaitz hasi dira: ea nork kolpe gutxiagotan moztu enborra. Anai zaharrak, Ugaitzek irabazi du, 53 kolpetan amaituz lana. Ondoren, Beñat Telleriak 138 kiloko harria bost aldiz jaso du, 1:11ko denbora eginez. Urtzik hirutan altxa du 150 kiloko koadro zaharra, 1:19ko denboran.

Ondoren, anai zaharrek –Ugaitz eta Urtzi– desafioa jokatu dute gazteen –Aratz eta Beñat– kontra. Aizkoran eta harriak jasotzen aritu dira aurrena, eta trontza mozten, gero. Zaharrak nagusitu dira azkenean. 

Argazki galeria, goizak utzitako irudiekin