Bi denboralditan, bi final

Txintxarri Aldizkaria 2016ko maiatzaren 8a

Bigarren urtez jarraian kategoriaz igotzeko ariko da lehian Cecilia Kebab Lasarte Ostadar taldea. Estreinakoz aritu da aurten Gipuzkoako 2. mailan, eta lau talde onenen artean sartu ostean, finalera sailkatu da. 2-4 garaitu zuen atzo Gamon Aker, liga erregularreko liderra.

Lasarte-Oriak beste ordezkari bat izango du datorren asteko larunbatean  Aretxabaletako Ibarra kiroldegian jokatuko diren Gipuzkoa mailako finaletan -ISU Leihoak ostiralean sailkatu zen-. Meritu handiko sailkapena erdietsi du Cecilia Fruta Denda Kebab Lasarte Ostadar taldeak, Gamon Akerri 2-4 irabazi ostean, Oreretako Beraun pilotalekuan. Golak Iñakik, Sergio Pelaezek, jubenil mailako Ikerrek eta Javi Vecilla kapitainak sartu zituzten. Bi denboralditan bigarren finala dute Edu Menak zuzendutako jokalariek. Gipuzkoako 2. mailatik 1gora igotzen saiatuko dira. Iaz, 3.etik 2.era igo ziren.

Power Rangers FC izango dute aurkari urdin-beltzek, maiatzaren 14an, 12:30ean. Liga erregularrean erdietsitako emaitzek ez dute gehiegirako balio, edozer gerta daitekeelako final handian, baina behintzat erreferentziaren bat edukitzeko erabili daitezke. Cecilia Kebab Lasarte Ostadarrek jokatutako bi neurketak irabazi zituen: 6-5 Udal Kiroldegian, eta 3-4 Power Rangersen kantxan. Imajinatzekoa da Aretxabaletan jokatuko dutena ere paretsua izango dela.