Musikarekin eta poesiarekin gozatuz

Txintxarri Aldizkaria 2016ko maiatzaren 7a

Musika eta poesia uztartu zituzten Euskadiko Orkesta Sinfonikoko irakasle Carlos Rosatek, Tomas Rutik eta Mario Telentik atzo arratsaldean. Hirukoteak Brigitarren komentuan eskainitako emanaldiak herritar ugari bildu zituen.

Beste konpositoreen obrak eta pieza originalak interpretatu zituzten, poetagile klasiko eta modernoen hitzekin lagunduz.
Flautaz –Rosat–, fagotaz –Ruti– eta pianoz –Telenti– osatutako hirukoteak kontzertu atsegina eskaini zuen Lasarte-Orian. Harrera ona jaso zuen, gogoz txalotu baitzuten pieza bakoitza.

Besteak beste, Gerog Phillip Telemann, Sabin Salaberri edota Jesus Guridi konpositoreen lanak ekarri zituzten Lasarte-Oriara. 

Rafael Albertiren “Se equivocó la paloma” edota Mossen A. Navarroren “Dels Quatre Vents” poemekin liluratu zituzten entzuleak. 

Kontzertu eleanizduna izan zen ostiral honetakoa; euskara, gaztelania, katalana eta galiziera erabili baitzituzten emanaldian zehar.

Ezagunak dira Carlos Rosat,  Tomas Ruti eta Mario Telenti Lasarte-Orian. Izan ere, Brigitarren komentuan behin baino gehiagotan aritutakoak dira. Gainera, herriko adinduen aurrean ere, Atsobakar Zaharren Egoitzan, ere kontzertuak eskainitakoak dira.

Danok Kide Gurasoen Elkarteak, Lasarte-Oriako Udaleko Kultura, hezkuntza eta hizkuntza sailaren laguntzaz, antolatu du emanaldia, XI. Musika Topaketen barnean.