Gero eta gehiagotan entzuten da gisa honetako neurketetan ez duela garrantziarik, baina partidu bakarrera den finalerdi bat etxean jokatzea plus bat da. Ez liokete 'kantxa-abantaila' deituko, bestela. Alde izango du faktore hori ISUk gaur, liga erregularra bigarren postuan amaitu baitu, azkeneko jardunaldian Hirukide bera aurreratuta.
Erronka ez zen erraza Eneko Molinaren jokalarientzat, baina ezta ezinezkoa ere. Horrela frogatu zuten pasa den ostiralean, Udal Kiroldegian. Hirukidek baino puntu bat gutxiago zeukaten herritarrek sailkapenean -51 eta 50, hurrenez hurren-. Kalkuluak egitea erraza zen: Pescados Ferreres liderrari irabazi eta Hirukidek bere neurketan hiru puntuak lortzen ez bazituen, bigarren izango zen ISU.
Horrelaxe gertatu zen: 3-1 irabazi zuten Eneko Molinarenek, partidu bikaina jokatuta. Lander Martinen bi golekin eta Jon Arocenaren beste batekin, ez zioten aukerarik eman liderrari. Hirukidek, berriz, galdu egin zuen The Nest taldearen kantxan, 6-4. Gauzak horrela, kanporaketak honakoak dira: ISUk Hirukideren kontra jokatuko du -2. eta 3. izan dira ligan, hurrenez hurren- eta Pescados Ferreres liderrak Lauburu KE laugarren sailkatua hartuko du etxean. Finalera sailkatzen diren bi taldeek datorren asteko asteburuan jokatuko dute final handia.
Bigarren igoeraren bila
Gipuzkoako 2. mailan ari den Cecilia Kebab Lasarte Ostadarrek balentria egin du aurtengoan ere. Kategoria horretan aurten aritu da lehenengoz, eta 1go mailara igotzeko kanporaketetara sailkatu da. Denboraldiaren zati gehiena lidertzan igaro du, baina azkeneko jardunaldietan ez ditu hainbeste puntu bildu, eta azkenean laugarren postuan geratu dira Edu Menak zuzendutako jokalariak.
Gauzak horrela, Gamon Aker liderraren kontra jokatuko du finalera pasea, Oreretako Beraun pilotalekuan. Bihar neurtuko dituzte indarrak bi taldeek, 20:00etatik aurrera. Power Rangers FCk eta Makax CDk jokatuko dute beste finalerdia. Bi talde irabazleek datorren asteko asteburuan jokatuko dute final handia.
Denboraldiari amaiera bihar
3. Nazionaleko Ostadar Antonio Aroztegiak bihar arratsaldean jokatuko du denboraldiko azkeneko partidua. Etxerako lanak eginda ditu jada Josean Jimenezen taldeak; datorren denboraldian kategoria berean jarraituko dute lehian.
Horrek ez du esan nahi biharko neurketari garrantziarik emango ez diotenik, beti baita hobe sasoiari aho zapore onarekin agur esatea, eta datorren urtera begira ahalik eta sentsazio onenekin amaitzea. Presion Break taldearen kontra ariko dira, Udal Kiroldegian, 18:00etatik aurrera. Dinamika onean daude urdin-beltzak, azkeneko sei puntuetatik lau zakuratu baitituzte. Pasa den jardunaldian bosna berdindu zuten San Jorge Santurtziren kontra.
Jubenilek merezitako oporrak hartu dituzte jada. Imanol Azkue eta Mikel Escribanoren mutilek denboraldi oso ona burutu dute, denboraldi-aurretik egindako lan gogorrak fruituak eman dituztela erakutsiz. Jokalarientzat lehenengo sasoia izan dela kontuan hartuta, meritu handiko zazpigarren postua eskuratu dute, eta 24 puntu bildu.
Herriko txapelketa, gori-gori
Pil-pilean dago herriko areto-futbol txapelketa. Bihar hasiko dira txapeldunen faseko finalerdiak. Udal Kiroldegian jokatuko dira bi neurketak: 15:00etan Izkiña eta El Punto ariko dira nor baino nor gehiago, eta ordubete beranduago, Txindoki eta TSST.
Bestalde, Kontsolazio Ligak aurrera jarraitzen du. Bihar jokatuko dira asteburu honetako bi norgehiagokak, Michelingo kirol-guneko kantxan. 11:00etan Urdaneta Hortz Klinikak eta Txokok jokatuko dute; 12:00etan berriz, Viña del Mar eta Also taldeek.