Herriko kirol eskaintza handitzeko proposamena eramango du udalbatzarrera EAJk

Txintxarri Aldizkaria 2016ko maiatzaren 6a

Udalak herrian dauden lau gimnasio pribatuekin eta hipikarekin hitzarmen bat egitearen proposamena prestatu du EAJk, "herriko kirol eskaintza areagotzeko" asmoarekin. Mozio batean jaso ditu ideia horren inguruko xehetasunak; asteartean eztabaidatuko dute horri buruz udal korporazioko kideek, ohiko udalbatzarrean.

Lasarte-Oriako EAJren iritziz, administrazioek "estrategikotzat" jo beharko lukete kirolaren sustapena. "Herritarron osasunari onurak ekartzeaz gain, elementu integratzaile inportantea darama atxikita: kohesio sozialean, kulturalean eta euskararen erabileran zein sustapenean eragile indartsu bat izan daiteke", adierazi dute jeltzaleek. 

Marko estrategiko horren baitan kokatzen du EAJk Lasarte-Oriako kirol eskaintza. Alor hori areagotze aldera, proposamen bat landu du, eta astearteko udalbatzarrera eramango: Udalak herrian dauden lau gimnasio pribatuekin eta hipikarekin hitzarmen bat egitea jasotzen du bertan, besteak beste.

Proposamenaren xehetasunak

Gaur goizean egindako agerraldian zehaztu dituzte Estitxu Alkortak eta Jon Antxordokik zertan den astearteko udalbatzarrera eramango duten planteamendua. "Udalak kirol eskaintza hitzartuko balu herriko lau gimnasio eta hipikarekin, udal instalazioetako bazkideek jarduerak egin ahalko lituzkete tarifa murriztuekin, kirol eskaintzan duplizitateak saihestuko lirateke eta instalazioak berritzeko inbertsioak murriztu. Denok irabazikon genuke: herritarrok, udalak eta herriko kirol zentroek", adierazi du Alkortak. "Gure programa elektoralean jasota zetorren", argitu du.

Hori kontuan hartuta, astearteko plenoan plazaratuko duten mozioan lau puntu jaso dituzte. Batetik, eskatuko dute Udalak hitzarmen akordio hori sinatzea, "kirol eskaintza areagotzeko". Akordio hori sinatuko balitz, bi aldeen arteko "koordinazioa" funtsezkotzat du EAJk, "urtero-urtero handitzeko kirol eskaintza". Hirugarrenik, hitzarmenean jasotzea herriko kirol taldeek instalazio pribatu horiek erabiltzeko aukera, eta, azkenik, lankidetza-itun hori Buruntzaldea bailarara zabaltzeko aukera baloratzea, "eskualdea osatzen duten herrietako udal instalazioetako bazkideek bailarako edozein gimnasio erabili ahal izateko", azaldu du bozeramaile jeltzaleak. 

Galdakao eredu

Jon Antxordokiren hitzetan, EAJk planteatzen duena bezalako esperientziak "positiboki" burutu dira beste zenbait herritan, Galdakaon (Bizkaia) kasu. "Herri horretan egiten ari direnaren berri izan dugu, eta Udala zein gimnasioak oso pozik daudela jakin", jakinarazi du zinegotziak. 

Hipikako instalazioak erabiltzeari buruz ere mintzatu da Antxordoki: "Jarduera oso interesgarriak burutu daitezke bertan, eta Udalarekin hitzarmena eginez gero, kirol eskaintzaren abanikoa asko zabalduko litzateke".