Euskararen Maratoia badator!!

Txintxarri Aldizkaria 2016ko maiatzaren 6a

Lasarte-Orian 40 orduz euskaraz egitea, hori da erronka? Duela 30 urte, burutapena zirudien idea hori urtetik urtera forma hartu, errotu eta jaialdi handi bihurtu da. Ttakun kultur elkarte eta Lasarte-Oriako Euskara batzordeko kideak buru belarri ari dira lanean, urrian Euskararen 9. Maratoia ospatuko baita. Lehen urratsak eman dira eta maiatzaren 11n jakitera emango dituzte Gaztelekuan egingo den agerraldian.

Lau urte igaro dira, euskara bihotzetik Okendo plazara atera eta azkenekoz 'Bero-bero' abestia entzun genuenetik. Hemendik bost hilabetetara berriro ere, 40 ordu irauten dituen euskararen jai handia izango da gurean eta Ttakun kultur elkartea eta Lasarte-Oriako Udaleko Euskara batzordea lan eta lan dabiltza hitzordua prestatzen.

Aurten gainera, urte berezia izango da, Euskararen Maratoiak 30. urte betetzen baititu. Baina Lasarte-Oriako euskalgintzaren barruan, ez da urteurren berezia duen ekintza bakarra. Horregatik, aurreratu digutenez, elkarte eta eragile hauek guztiek tartetxo bat izango dute Euskararen 9. Maratoian.

Aurkezpena

Berezitasun hau eta beste hamaika azaltzeko maiatzaren 11n, 19:00etan, Euskararen 9. Maratoiaren aurkezpena egingo da Lasarte-Oriako Gaztelekuan.

Maratoia zuzenduko duen zortzikotea, leloa eta irudia ezagutzera emateaz gain, agerraldian ezustekoak ere izango direla aurreratu dute antolatzaileek.

Elkarlana

Lasarte-Oriako elkarte eta eragile guztiak gonbidatu dituzte antolatzaileek, “elkarlanerako lehen lokarri” gisa.

Izan ere, Udaleko eta Ttakuneko lagunek azaldu modura, Euskarazko 40 orduko jai etengabea honen lehen urratsak besterik ez baitira eman. Elkarte, eragile eta herritarren elkarlanari esker osatzen da egitaraua eta lan asko dago egiteke. 

Eta ezin ahaztu arlo ezberdinetan egiten den bolondres lana edo proba berezietan parte hartzen duten herritarrak. Lasarteoriatarrak ez baitira ikusle edo partehartzaile soilik, Euskararen Maratoiaren parte ere dira. Horregatik, hauek ere gonbidatuak daude ekitaldi honetara.

Motorrak berotu eta ahotsak prestatu, badator eta Euskararen 9. Maratoia!