Erketz EDTko kideak jaialdiz jaialdi

Txintxarri Aldizkaria 2016ko maiatzaren 5a

Lasarte-Oriako Erketz EDT-ko txiki, gazte, begirale eta musikari bat lehengo igandean, maiatzaren lehenean Errenterian izan ziren Dantzari txiki egunean.

Erketz EDTrekin batera, Errenteriako Ereintza, Hernaniko Ttarla, Tolosako Udaberri, Urretxuko Lurra, Iruñeako Amaiur Iruñea, Oiartzungo Haurtzaro, Galdakaoko Andra Mari, Lezoko Murixka eta Zumaiako Txori Txiki taldeetako dantzari gazteak izan ziren. Guztira, 550 haur.

Goizean zehar, Errenteriako kaleetan barrena ibili ziren taldeak. Eguerdian, guztiak Gamon Zumardian batu eta emanalditxo bat eskaini zuten. Bazkal ostean, Modestoren eskutik erromeria doinuak izan ziren. 

Baina ez da hau izango duten irteera bakarra izango,  ekainean Sestaora ere joango baitira, Sestaoko XXXI. Umeen euskal jaian parte hartzera.

Dantzari txiki

Hala ere, txango hori egin baino lehen Erketz EDT-k Udalaren laguntzaz antolatzen duen XXVIII. Dantzari txiki eguna izango da herrian maiatzaren 29an, igandean.
Beste urte batez, herriko kaleak euskal dantzari txikiez beteko da goizean.

Arratsaldean, Kale Nagusian desfilea eta Okendo plazan ekitaldia izango dira. 

Taldeko kideak lan eta lan ari dira hitzordu garrantzitsu honetarako guztia prest izateko.  

Soka-dantza entseguak

Bestalde, Erketz taldea maiatzaren 28ko dantzari eguna eta ikasturte amaierako ekitaldia prestatzen ari da.

Hauetaz gain, San Juan bezperako ohiturari eutsiaz soka-dantza ere dantzatuko du.

Ekainaren 23a, osteguna izango da aurten eta ordurako guztia prest izateko entseguak hasiko ditu maiatzaren 10ean.

Asteartero 21:00etan Zumaburu-Sasoeta ikastetxeko Zumaburu eraikineko gimnasioan bilduko dira dantza prestatzeko. 

Saio irekiak izango dira eta horregatik, herritarrak gonbidatzen dituzte entseguetara hurbildu eta soka-dantzan parte hartzera.