Jon Antxordoki Euskara Batzordeko lehendakariak eta Iñaki Arruti teknikariak gaur goizean Euskara Batzordeak 2016 urtean herritar eta enpresei zuzendutako diru-laguntzak aurkeztu dituzte. Antxordokik agerraldian aipatu duen legez, “momentuz, 57.680 euro daude horretarako, baina aurrekontuak onestean 68.680 euro izango dira. Horrek %20ko igoera ekarriko luke.”
Bekak
2015-16 ikasturtean euskara ikasten aritu diren herritarrek matrikula-prezioaren %85 arteko beka jaso dezakete.
Udalak onetsita duen irizpideari jarraituz, Euskara Batzordeak %85a arteko bekak eskainiko ditu. Beka jasotzeko, Lasarte-Orian erroldatua egon behar da eta egindako ikastaroan gutxienez % 85eko asistentzia bete behar da.
Ikastaroa bukatu eta hurrengo hamabost egunen barruan aurkeztu beharko du interesatuak eskaera.
Udako ikastaroak
Unibertsitateko ikasleek, langabetuek edo erretiratuak direnek, berriz, aurtengo udan unibertsitate bateko uda-ikastaroa euskaraz eginez gero, matrikularen %50 arteko diru-laguntza jaso ahal izango dute. Bekak soilik matrikulako gastuak estaliko ditu.
Kasu honetan ere, dagokion ikastaroa bukatu eta hurrengo hamabost egunen barruan aurkeztu beharko du interesatuak eskaera. Beranduenez urriaren 31n.
Begiraleak
Aurreko irailaren 1a eta aurtengo abuztuaren 31 bitartean begirale ikastaroa hasi eta bukatzen duten herritarrek, matrikularen %50 arteko beka jasotzeko aukera dute, 250 euro gehienez, baldin eta ikastaroa euskaraz eta Eusko Jaurlaritzak homologatua izan bada eta alderdi teorikoa gainditu baldin badute.
Zuzendari ikastaroa egin dutenen artean, berriz, baldintzak berdinak dira eta bekaren gehienezko kopurua 150 eurotakoa izango da.
Batzuen zein besteen kasuan, dagokion ikastaroa bukatu eta hurrengo hamabost egunen barruan aurkeztu beharko du interesatuak eskaera. Beranduenez urriaren 31n.
Gidabaimena
2016ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz gainditu dutenek ere aukera dute baimen teorikoaren matrikularen balioa berreskuratzeko, gehienez 400 euro. Buruntzaldean 10 sari zozketatuko dira, horietako bi Lasarte-Orian. Zozketa 2017ko urtarrilean egingo da.
Enpresa eta elkarteak
Enpresa eta elkarteei begira laguntza puntualak izango dira errotuluak, irudi korporatiboa, web-orriak, enpresan euskararen erabilera normalizatzen lagun dezaketen programa informatikoak eta kanpoko erabilerarako dokumentazioa euskaratzerako orduan.
Aurreko urteko azaroaren 1etik aurtengo urriaren 31 bitartean egindako jarduerak lagunduko dira eta eskaerak ere epe horretan zehar egin ahal izango dira.
Baietz gurean!
Izen hori du Buruntzaldeko udalerrietan dauden hamar langile baino gehiagoko enpresetako jarduerak euskalduntzeko laguntzak ematea helburu duen programak.
Enpresa batek Baietz gurean! egitasmoan parte hartzea erabakitzen duenean, Udalak enpresari neurketa egingo dio eta 100 puntuko tarte batean kokatuko du. Puntu-tartea adierazteaz gain, enpresari hurrengo puntu-tartera pasatzeko zein neurri har ditzakeen proposatzen dio.
Jauzi hori Udalak 1go neurketatik urtebeteko epean egingo duen 2. neurketa baten bidez zehaztuko da eta horren arabera emango dio, gainditutako tarteen arabera diru-laguntza. Sistema hau, Eusko Jaurlaritzak esleitzen dituen Bikain ziurtagirien sistemara egokituta dago.
Informazioa
Deialdi bakoitzaren baldintzak eta eskaera-orriak Udalaren webean eskuragarri daudela jakitera eman du Antxordokik. Era berean, Euskara-zerbitzura ere hurbil daitezke edo 943 376 184 zenbakira deitu dezakete interesa dutenek.