Triatloi denboraldiari hasiera

Txintxarri Aldizkaria 2016ko maiatzaren 6a

Uretan, bizikleta gainean zein lasterka dena emateko prest daude Trinko Lasarte-Oriako triatloi taldeko kideak. Denboraldia bihar hasiko dute ofizialki, Bermeon. Zita hori baino lehen, Senperekoan hartu zuten parte batzuek, iragan asteburuan, gorputzean kilometroak pilatu eta talde giroa sortzeko helburuz.

Urtero egiten dute irteera Senperera, baina aurtengoa berezia izan da. Taldearen izena –Trinko Lasarte-Oriako triatloi taldea– eta ekipazioa estreinatu zituzten iragan asteburuan, herri horretan jokatutako taldekako triatloian. “Talde giroa sortzea eta taldekide berriek konfiantza hartzea dira helburuak”, adierazi dute Trinkoko kideek. 

Lauko bi talde eginda osatu zuten ibilbidea: kilometro t'erdi igerian, hamabost bizikletan eta sei korrika. Hemezortzigarren postuan sailkatu zen Asier Gorostegik, Imanol Arteagak, Andoni Salsamendik eta Enaitz Ibarburuk osatutakoa. 29. helmugaratu zen Leo Juarez, Javi Lopez, Mikel Olarra eta Mikel Izagirrek osatutako laukotea. “Maila aldetik paretsu ibiliko ziren bi talde osatu genituen, talde giroan konpetitzea zelako helburu nagusia, errendimenduaren gainetik”, zehaztu dute Trinkoko taldekideek.

Hasiera ofiziala, Bermeon

Orain arteko entrenamenduetan eta Senperen pilatutako kilometroak gorputzean, bihar ekingo diote Trinkoko taldekideek “benetako triatloi denboraldiari”, Bermeon. 750 metro egingo dituzte igerian, hogei kilometro bizikletan eta bost korrika. 

Maiatzeko egutegian beste bat ere badaukate apuntatuta: Hondarribikoa, datorren asteko larunbatekoa. Egin beharreko distantziak Bermeokoen berdinak dira.

Zita garrantzitsuak ekaina eta uztailean

Gorria da nagusi ekaineko eta uztaileko egutegietan, kolore horrekin markatuta baitituzte Trinkoko kideek hilabete horietan jokatuko diren hainbat proba. Zarauzko eta Donostiako triatloiak jokatuko dituzte ekainaren 11n eta 12an, hurrenez hurren. Handik hamalau egunera berriz, Onditz oroimenezkoan hartuko dute parte.
Uztailean, Gasteizko triatloia izango dute erronka nagusia, hilaren 10ean, hain justu.

Arestian esan bezala, aurten osatu da Trinko Lasarte-Oriako triatloi taldea. Bidea hasten lagundu dieten babesleentzat esker hitzak izan ditu taldeak: “Bidelagun ditugun babesleei eskerrak eman nahi dizkiegu: Cecilia fruta dendari, Patxi Larrañagari, Dotore jantzi dendari, TaPunturi eta Kebab zein Avenida tabernei”.  

Arteaga, Aizarnazabalen

Aizarnazabalen jokatutako Euskadiko Duatloi txapelketan hartu zuen parte Imanol Arteagak, apirilaren 23an. Hiru ordu eta 50 minutuko denbora egin zuen, eta 39. postuan sailkatu, lan oso txukuna burutuz.