Euskalgintzarekin lotutako urteurren ugari ospatuko dira aurten Lasarte-Orian. Hori baliatuz, zenbait ekintza antolatu dituzte 1990ean gure herrian finkatu ziren Argia aldIzkariko lagunek.
‘Lasarte-Oria ikusteko beste betaurrekoak’ izena jarri diote ekimenari. Besteak beste, Ttakun Kultur Elkartearekin batera herrian euskarak eta euskalgintzak izandako bilakaera aztertuko duen mahaingurua antolatu dute.
Hilaren 12an, Villa Mirentxun, egingo dute. Hiru hizlarik hartuko dute parte: Ttakun Kultur Elkarteko eta AEKko langile izandako Mailu Arruti, euskara zinegotzi ohi Pello Sasiain eta Sasoeta-Zumaburu ikastetxeko Marga Iturriza.
“Lasarte-Orian euskararen bilakaera. Atzera begira, aurrera begiratzeko” izenak iradokitzen duenez, gure herriko hizkuntza egoeraren gorabeherak aztertuko dituzte.
Moderatzaile lanak Argia astekariko kazetari Onintza Iruretak egingo ditu eta arratsaldeko 19:00tan hasiko dira.
Trantsizioak
Mahaingurua ez da ‘Lasarte-Oria ikusteko beste betaurrekoak’ ekimeneko ekintza bakarra izango. Astelehenean hasita eta astebetez “Trantsizioak” eraskuketa ikusgai egongo da Antonio Mercero aretoan.
Azken 30 urtetan bildutako artxiboko argazkiak erakutsiko dituzte. Euskal Herriko gertakizun politiko eta sozial ugaritako irudiak bildu dituzte, batez ere 70ko eta 80ko hamarkadakoak.
Trantsizioaren “adiera zabala” erakutsi nahi du erakusketaren izenburuak. Frankoren heriotzatik gaur arte bizitako aldaketak isladatu dituzte, “lehen intsumituen garaietatik herri harresietara”.
Beste herri batzuetan harrera ona izan du ‘Trantsizioak’ erakusketak. Hernanin, Oñatin edota Laudioko Gazte Danbadan egon dira dagoeneko.
Maiatzaren 14ra bitartean bisitatu ahal izango da erausketa arratsaldeko 18:00tatik 20:00etara.
Bisita gidatua
Asteartean Argia barrutik ezagutzeko aukera izango dute lasarteoriatarrek. Industrialdeko 15. pabilioiean geratuta daude arratsaldeko 19:00tan.
Astekariaren historia eta gaur egungo komunikazio proiektuaren erronkak aztertuko dituzte. Aukera paregabea dute, beraz, aldizkaria nola egiten duten eta kazetarien lana ezagutu nahi dutenek.
Azaldu dutenez, herri komunikabide diren heinean, “kalea eta jendartea dira komunikazio proiektuaren oinarri”. Hori dela eta, azpimarratu dute “komunitatea” osatzen duten guztien arteko harremanak indartu nahi dituztela.
Lasarte-Oriako herritar eta eragileak gonbidatu dituzte antolatutako ekintzetan parte hartzera. Hala nola, Argiako irakurleei eta harpidedunei deialdia luzatu diete “Lasarte-Oria ikusteko beste betarrekoak” egitasmora hurbil daitezen.