Babyauto Zarautz taldeko jokalari, prestatzaile eta zaleek espero eta nahi baino lehenago jo du iratzargailuak. Esnatu dira jada Ohorezko A mailara igotzeko ametsetik. Ander eta Xabier Rekondo anaiak eta David Vega zelaian zirela, UBU Aparejadores taldearen kontra 21-30 galdu dute zarauztarrek, eta kanporatuta geratu dira, final laurdenetan.
Hiru puntuko aldeari eman behar zion buelta etxeko taldeak. Burgosen 15-12 galdu zuten. Partiduek 40 minutu iraungo balute eta ez 80, sailkatuta legoke Babyauto Zarautz, 14-10 joan baitziren atsedenaldira. Tamalez, hori ez da horrela, eta UBU nagusi izan zen bigarren zatian, joko eraginkorra eta ederra erakutsiz. Fran Puertasen jokalariak dena eta gehiago eman zuten, azken izerdi tanta isuri arte borrokatu, baina ez zen nahikoa izan. Urtean zehar izandako lesio eta arazoek eragina izan zuten atzokoan.
Indarrak, eta, batez ere, animoa berreskuratzea dagokie orain jokalari gorri-beltzei. Kategoriaz igoko ez badira ere, sasoi benetan txukuna osatu dute, liga erregularrean batez ere: 21 partidu irabazi dituzte eta bakarra galdu.
Gipuzkoako hirugarren
Errugbi arloan albiste guztiak ez dira izan txarrak, hala ere. 14 urtez azpiko Lavie ZRT-Beltzak taldeko gaztetxoek sekulako denboraldia egin dute, Gipuzkoako txapelketan hirugarren geratuta. La Riojaren aurka lehiatu dira hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko kanporaketan.
Bien bitartean, talde horretako lau jokalari Unai Pelaez, Gavi Gavilan, Mikel Ibisate eta Jokin Beloki Gipuzkoako selekzioarekin aritu dira asteburuan, Arcangesen (Frantzia), Cote Basque taldearen kontra.
Bestalde, 16 eta 18 urtez azpiko Gure Etxea Beltzak taldeek irabazi egin zituzten Durangoren kontra jokatutako neurketak, 28-34 eta 22-31, hurrenez hurren.
Seniorren Euskal Ligako taldeak atseden hartu du jardunaldi honetan.