Hitzen bidai liluragarria

Txintxarri Aldizkaria 2016ko mai. 1a, 13:00

Antzerki eta malabareak uztartzen dituen 'Letter: eskutitz baten bidaia' antzezlana ikusi ahal izan zuten atzo Manuel Lekuona kultur etxera hurbildu ziren herritarrek.

Hiru antzezleek ia hitzik erabili gabe umore eta poesiaz betetako istorioa taularatu zuten.

Protagonistak gutunak eta hitzen bitartez bertan adierazten diren sentimenduak ziren. Keinuak eta malabareak erabiliz, musikaren doinuak lagun zituztela, Malas Compañias taldeko kideek gutunetan idatzitako hitzen bidai berezia irudikatu zuten Manuel Lekuonako oholtzan. Igorleak eskutitza idaztea erabakitzen duenetik hartzaileak irakurtzen duenerainoko prozesua erakutsi zuten, baita gutuna iristeko irrikitan zauden momentua ere.

Etxeko txikiek ederki gozatu zuten ikuskizunarekin, esate baterako, haien barre algarak entzun ziren emanaldiko hainbat tarteetan.

Aste honetan ere antzezkiaz gozatzeko aukera izango da Lasarte-Orian, ostiralean 22:00etan, 'Florido Pensil - Neskak' lana eskainiko baitute Manuel Lekuona kultur etxean.