Sasoeta pasealekutik ekingo dio Udalak asfaltatze kanpainari

Txintxarri Aldizkaria 2016ko apirilaren 30a

Maiatzaren 2tik 6ra eta 9an asfaltatze-lanak burutuko ditu Udalak Sasoeta pasealekuan, "eguraldiak hala uzten badu". Ondorioz, obra horiek gune horretako trafikoan eragingo dutela jakinarazi du. Lanak gauez egingo dituzte beharginek.

Udalak Sasoeta pasealekuan egingo dituzten lanen inguruko xehetasunak eman ditu: errepidearen zoladura fresatuko dute eta nahasketa bituminoso berozko geruza bat zabaldu. Beharginak gauez ariko dira lanean. Printzipioz, astelehenetik 6ra eta 9an burutuko dira obra horiek. Eguraldiaren arabera datak alda daitezkeela zehaztu du Udalak.

Lanak egingo dituzten guneetan behin-behineko seinaleak jarriko dituzte. Hala, herritarrek “uneoro” jakingo dute erabili ezingo duten erreia zein den, baita zein sarbide egongo diren moztuak ere. Era  berean, lanek iraun bitartean, seinaleek zein aparkaleku ezingo diren erabili ere adieraziko dute,. “Asfaltatze-lanek eragina izango dute aparkaleku, garajeetako sarrera eta zirkulazio erreietan; barkatu eragozpenak”, adierazi du Udalak. Andatza plazan kotxeak utzi daitezkeela ere jakitera eman du Udalak.