Mende laurdenari errepasoa

Txintxarri Aldizkaria 2016ko apirilaren 25a

Hamaika ekintza, jolas, irteera eta abentura antolatu ditu Ttakun Kultur Elkarteko Aisia sailak 25 urte hauetan. Are handiagoa da horietan ateratako argazki kopurua. Horietako asko bildu ditu pasa den ostiralera arte irekita egon den erakusketak, Antonio Mercero aretoan. Hainbat herritar gerturatu dira bertara hiru asteotan, irudi horiez gozatzera.

G arai batean bizitako emozio, sentimendu, bizipen eta antzekoak berpizteko gaitasuna daukate argazkiek. Hiru aste hauetan Antonio Mercero aretora gerturatu diren herritarrek ariketa hori bera egin dute, Ttakun KEk prestatutako erakusketa ikusiz. Azken 25 urteetan antolatu dituzten ekintzetan ateratako irudiekin galeria koloretsu askoa osatu dute. Batek baino gehiagok Ttakunen programetako batean parte hartzaile izan zeneko garaiak gogoratu ditu hainbat urteren ondoren, beste batzuek ikusi ahal izan dute haurrak zirenetik begirale izan arteko bilakaera... Memoria ariketa polita egin dute erakusketa ikustera joan direnek.

“Erakusketak balio izan digu ohartzeko zenbat herritar igaro diren gure programetatik: gazteak, begiraleak... Islatzen du baita ere zenbat ekintza egin diren 25 urte hauetan. Erabiltzaileen garapena ikusi ahal izan dute herritarrek”, dio Pili Bermejo arduradunak. “Balorazio ona egiten dugu; jende ugari animatu da erakusketara”. 

Gazte Klubeko lagunak erakusketaz gozatzen

Ostiralean, itxi aurretik, argazkiak ikustera joan ziren Gazte Klubeko neska-mutilak. Arratsalde ederra igaro zuten, irudietan euren buruak, lagunenak edota ahaideenak ikusten. Ostean, euren ekintzetako bideoak ikusi zituzten, alboko gelan.