Bertsoz bertso, 25 urte

Bertsolaritzak, pixkanaka, bidea egin du Lasarte-Orian. 1992an sortu zen Bertso Eskola, eta ordutik herritar ugari igaro dira bertatik. Asteburu honetan ospatu dute 25. urteurrena egitarau bereziarekin. Besteak beste, eskolako kide eta kide ohien bazkaria, Andoni Egañaren hitzaldia eta, nola ez, bertso saio eta desafioak egin dituzte.

Mende laurdena bete du Lasarte-Oriako bertso eskolak. Urteurrena ospatzeko asmoarekin egitarau mamitsua prestatu zuten.

Ostegunean Andoni Egañaren bisita jaso zuten Xirimiri elkartean. Gerturatu ziren lagunek bertsolariarekin solastu ziren bertsolaritzak azken 30 urteetan izan duen bilakaeraz.

80ko hamarkadaren bukaerako eta 90ko hasierako egoeraz aritu ziren denbora luzez. Egañaren ustez, orduantxe izan zuen bertsolaritzak “boom-a”. 1986ko Txapelketa Nagusia izan zen telebistan botatako lehena, eta Hitzetik Hortzera bezalako saioak sortu zituzten. Egin eta Deia egunkarien sorrerak ere presentzia handiagoa eman zion. Orduko pasadizoak gogoratzen merienda atsegina egin zuten Egañarekin.

Bertsotruk

Lasarte-Oriaren eta Gabiriaren arteko desafioak hartu zuen lekukoa ostiral gauean. Jalgi kafe antzokian egindako saioan Patxi Etxeberria, Unai Muñoa eta Ane Labakak ordezkatu zuten herriko bertso eskola. Goierritarren aldetik, aldiz, Eusebio, Endika eta Aratz Igarzabalek kantatu zuten.

Gabiria eta Agurain izan dituzte aurrez aurre herriko bertso eskolako kideek Bertsotruk egitasmoan. Guztira 26 herrik hartu dute parte hiruko multzoetan. Ostiralean abesten aritutako Eusebio Igarzabal Lasarte-Oriako bertso eskolako irakasle ohia izanik, adiskide artean kantatu zuen.

Bazkaria

Zilarrezko ezteiak baliatu dituzte berriro ere atzoko, gaurko eta biharko bertsolari eta irakasle lasarteoriatarrak elkartzeko.

Lasarte-Oriako bertso eskolako kide eta kide ohiak batu ziren larunbat eguerdian bazkaltzeko. Guztira, 25 lagun inguru elkartu ziren Xirimiri elkartean.

Ez da kasualitatea

Ospakizunari amaiera eman zioten Furia Beltza tabernan egindako bertso saio musikatuarekin. Oihana Iguaran, Miren Amuriza, Ane Labaka eta Alaia Martin aritu ziren bertsotan, eta gai jartzaile lanak Amaia Agirrek egin zituen.

Saio gehienetan gizonezkoak gehiengoa izatea “kasualitatea ez dela” aldarrikatzen dute, eta horregatik, emakumeek osatutako bertso jaialdia antolatu dute.