D ereduko Eskola Kirola xede: gakoa, elkarlana

Txintxarri Aldizkaria 2016ko api. 23a, 11:30

“Etxerako lan pila batekin goaz hemendik”. Horrela zioen Zarauzko Udaleko kirol teknikari Iratxe Aranburuk atzo, aurtengo Udaltop jardunaldiek emandakoa laburbiltzen ari zela. Hitzaldiz, gogoetaz eta ereduz jositako bi eguneko topaketak izan dira aurtengoak. Jomugan, hiru alor: gazteak, kirola eta euskara. Lan asko dago egiteke, baina gakoa badute: eragile guztien elkarlana.

Topaketa hauek balio izan dute Zarauzko kirol teknikaria [Iratxe Aranburu bera] eta euskara teknikaria [Maite Etxaniz] elkartzeko: autoa partekatu, gaiari buruz gogoeta egin eta elkarlanean aritzeko; guztiontzat da inflexio puntu bat aurtengo Udaltop, hori baita helburuetako bat: saretzea, indarrak batzea eta elkarlanean aritzea”. Modu horretan itxi zuen Iratxe Aranburuk atzo eguerdian Manuel Lekuona kultur etxean emandako hitzaldia; Udaltopen aurteko jardunaldietatik ateratako ondorioei buruz aritu zen, Maite Etxanizekin batera. Bi egunekoak izan dira 190 bat euskara teknikari, erakundeetako ordezkari, kirol elkarteetako kide eta beste bildu dituzten topaketak.

'Kirola D ereduan noizko? Nork eta zer egin genezake gazteen euskarazko kirol jarduna ziurtatzeko?' galdera planteatu dute aurtengo Udaltop jardunaldiek.

Aranburuk atzo esan zuenez, topaketetan ez diote eman erantzunik itaun horri. Eskola Kirola egitasmoa euskararen eremu normalizatu bilakatzeko data zehatzik ez dute oraindik, akaso, baina bai gakoa: elkarlana. “Eragile guztiok daukagu zer egina, gure eremutik, gure txokotik: Erakundeek, Udalek, kirol elkarteek, gurasoek... Eskura ditugun tresnak erabiliz eta ikasitakotik abiatuz, urratsak eman behar ditugu”.

Etxanizek Jokin Larrañaga Arabako Foru Aldundiko euskara zerbitzuko buruaren aipu bat ekarri zuen gogora: “8 eta 16 urte bitarteko gaztetxoari eskolan ikasi bitartean euskaraz bizi dadin, euskarazko esparruak eskaintzea zor diogu, bestela ez delako elebidun oso bihurtuko; kirola esparru horietako bat da”. Zarauzko euskara teknikariak ez zuen kasualitatez hautatu esaldi hori: "Interesgarria da oso kontzeptu hori; zor diegu espazio horiek sortzea, ezin dugu haien bizkar utzi euskararen eta erabileraren erantzukizuna”.

“Posible da”

Soziolinguistika Klusterraren datuen arabera, EAEn bizi diren 14 urtez azpiko gaztetxoen artean %95ekoa da euskararen ezagutza; Nafarroan, %91koa. “Datuek erakusten dute gure gazteek betetzen dutela D ereduko Eskola Kirola ezartzeko baldintza minimoetako bat: ezagutzarena”, azpimarratu zuen Etxanizek. “Ezagutza badaukagu, legeak batzuk, adostasuna ere bai... Zer egin behar dugu? Adostasun are zabalago bat lortu, bere garaian hezkuntza sistemaren inguruan egin bezala,  kontsentsu hori esparru honetara ekarri eta era natural batean lanari ekin. Posible da”.

D ereduko Eskola Kirol egitasmoa lortze aldera, proposamen zehatz sorta bat partekatu zuten Aranburuk eta Etxanizek entzuleekin. Batetik, erakunde guztien arteko adostasuna bilatu behar dela, Eskola Kirola euskararentzat eremu normalizatua izate bidean: “Konbentzimenduak gakoa izan behar du”, aipatu zuen Etxanizek. Lege orokorren bitartez, euskarari segurtasun juridikoa eman behar zaiola adierazi zuen Aranburuk –EAEn kirol arloko lanbideetan sartzeari buruzko Lege Proiektua sortze bidean da–. Erakundeekin jarraituz, Zarauzko Udaleko teknikariek aipatu zuten Eskola Kirola euskaraz izateko hizkuntza baldintzak ezarri eta betearazi behar direla Foru Aldundi eta Udalek ematen dituzten diru laguntzetan. 

Kirol eskolen sorrerari buruz ere jardun ziren: horiek eratzeko baimenetan “eragin ahal izateko”, azterketa juridikoekin jarraitu behar dela iritzi diote. Azkenik, beharrezko ikusten dute “adostasun zabal” horretan parte hartuko duten erakundeek, neurriak hartzeaz gain, Eskola Kirola euskaraz egiteak dakartzan onurak gizarteratzeko eta sustapen lana indartzeko konpromisoak hartzea.

Herenegun eta atzo kultur etxean bildu ziren entzuleentzat animo hitzak ere izan zituzten: “Jarraitu lanean zuen txokoetatik; iritsiko gara, goitik eta behetik, euskara normalizatzera, baita kirol esparruan ere. Altxor bat da euskara”.

Ostiral mamitsua

Udaltopen laburpen eta ondorioen berri izan aurretik, hainbat esperientziaren berri izan zuten parte hartzaileek atzo. Jokin Larrañagaren eskutik 'Begirale, begira egotetik ekitera' hitzaldia entzun zuten; Burlata Futbol Eskolako kideek euren esperientzia partekatu zuten; eta Ikasmirak guneko kideek azaldu zituzten araubidean egin daitezkeen moldaketak, gaztetxoek kirola D ereduan egitea ziurtatzeko. Horiek, ordu erdiko atsedenaldiaren aurretik.

Irungo kasua ezagutu zuten, indarrak berritu eta gero. Irungo udaleko eta BPXport enpresako arduradunek hitz egin zuten. Pablo Suberbiola Soziolinguistika Klusterreko kide eta Jone Miren Hernandez EHUko irakasleak ekintza proiektu baten berri eman zuten: 'D ereduko kirola ikerketa ekintza proiektua' du izena. 2016 eta 2018 urte bitarteko epea du. Jardunaldien ondorioak plazaratu zituzten Maite Etxanizek eta Iratxe Aranburuk. Gaizka Garitano futbol entrenatzaleari Ibon Gaztañazpi kazetariak egindako elkarrizketa batek itxi zuen egitaraua; bideoa ikusi zuten.

Mahai inguruak, aurrenekoz

Goiegi jatetxeko mahaien bueltan herenegun arratsaldean egindako solasaldiak izan dira aurtengo egitarauko berrikuntza nagusia. Harrera oso ona izan dute parte hartzaileen artean.
Euskara gaztetxoen kiroletik elitekoraino kudeatzeari buruzkoa izan zen horietako bat. Bera Bera eskubaloi taldeko Matxalen Ziarsolo, Real Sociedad Fundazioko zuzendari Andoni Iraola eta Eneritz Iturriagaetxebarria Baque emakumezkoen txirrindularitza taldeko entrenatzailea izan ziren hizlariak; moderatzaile lanak BPXport-eko kide Onintza Arregik egin zituen. 

Euskarak elitean eta harrobian duen presentzia alderatu zuen Iraolak: “Erdalduna da elitearen mundua, zaila da erreferenteak topatzea; euskalduna da harrobia”. Iturriagaetxebarriak adierazi zuen euskaldunak direla haren taldeko txirrindulari guztiak, baina soilik laurekin aritzen dela euskaraz, besteek nahiago dutelako gazteleraz hitz egitea. Ziarsolok nabarmendu zuen hazten joan eta elitera gerturatu ahala gero eta murritzagoa izan dela euskararen presentzia, jokatu duen taldeetan, baina indarra hartzen ari dela Bera Beran, jokalari gazte euskaldun dezente ari direlako igotzen lehen taldera.

Beste solasaldian Eli Astiasaran Pasaiko Udaleko teknikaria, Fernando de Lera Loiuko Lauro Ikastolako irakaslea eta Asier Mujika Aretxabaletako Udaleko teknikaria aritu ziren solasean; Athlon-eko kide Endika Muruamendiarazek moderatu zuen mahai ingurua. Hiru horietako bakoitzak azaldu zuen gaztetxoen kirol jardueraren hizkuntzan eragiteko zeintzuk neurri hartu dituen urteotan herri bakoitzak.