Esteban Martinez, Espainiakora

Txintxarri Aldizkaria 2016ko apirilaren 22a

Asteburu historikoa izan zen pasatakoa LOKEren judo alorrarentzat. Sortu zenetik bigarren aldiz, judoka senior bat Espainiako txapelketako azken fasera sailkatu da. Beñat Elizaldek ireki zuen bidea 2009an, eta Esteban Martinezek eman du hurrengo urratsa. Hilaren 30ean ariko da, Madrilen.

G asteizen jokatutako iparraldeko sektorean poltsikoratu zuen Esteban Martinezek Espainiako txapelketako azken fasean aritzeko txartela. Bi borrokaldi irabazita, finalean sartu eta zilarrezko domina kolkoratu zuen. “Finalean ederki aritu zen Esteban, nahiz eta ez irabazi. Historikoa izan da lortutakoa; sortu ginenetik bigarren aldia da judoka senior bat txapelketa horretara sailkatzen dena”, zehazten du Gorka Aristegi entrenatzaileak. Duela zazpi urte atzera ireki zuen bide hori Beñat Elizaldek. Martinez hilaren 30ean ariko da, larunbatez, Madrilen.

Martinezekin batera, Gasteizko Arriaga kiroldegiko tatamian aritu ziren Asier Sagasti eta Josu Olmos. Lehenengoak ezker sorbaldan min hartu zuen eta ezin izan zuen sailkatu finalera. Brontzezko domina eskuratu zuen, hala ere. Bigarrentzat, berriz, larunbatekoa ez zen izan “egunik onena”, Aristegik dioenez. Hiru borrokalditik hiru galdu zituen.

Infantilen Euskadikoa, etzi

Martin Sebastian eta Lucas Morales infantilek Euskadiko txapelketa jokatuko dute etzi, Bilbon. Sasoi bikaina ari dira burutzen; Gipuzkoako lehenengo eta bigarren izan dira, hurrenez hurren. “Denboraldi hasieran ez nuen uste horren ongi ariko zirenik, lehenengo urtekoak baitira biak. Orain arte erakutsi duten maila mantenduz gero, dominak kolkoratzeko aukerak eduki ditzakete Bilbon, zergatik ez?”, nabarmentzen du Aristegik. 

Ander Garrido eta Yeray Mendibe kadeteak ere lehiatuko dira asteburuan, Andorran. Hitzordu oso garrantzitsu bat edukiko du Garridok berak, hemendik bi astera: kategoria horretako Espainiako txapelketan lehiatuko da, Madrilen. Sailkapena modu ezin hobean lortu zuen: txapeldun izan zen Euskadikoan, joan den astean.

Junior kategoriako judokek ezin izan dute sailkatu Espainiakorako. Atarian geratu zen Fermin Balda; iparraldeko sektorean brontzezko domina jantzi zuen, otsaila bukaeran.

“Oso pozik gaude”

Gorka Aristegi entrenatzaileak dio “zorte ikaragarria” daukala LOKEk: “Beste klub askok ez bezala, kategoria denetan ditugu judokak lehian. Lan gogorra eskatzen du horrek, asteburu ia osoa igarotzen baitugu txapelketaz txapelketa, baina merezi du ahalegin hori egiteak, inolako zalantzarik gabe; oso pozik gaude guztiak egiten ari diren denboraldiarekin, hasi alebinetatik eta seniorretaraino”.