Eman daiteke izena jada Intza KEren XXIV. San Pedro jaietako txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2016ko apirilaren 22a

Pixkanaka-pixkanaka gerturatzen ari dira San Pedro jaiak, eta, horrekin batera, festa egun horietan jokatzen diren kirol-ekitaldiak ere bai. Horietako bat da urtero-urtero Intza KEk antolatzen dituen txapelketak ere: gaztetxoen esku pilotarenaren XXIV. edizioa, beteranoenaren VI.a eta emakumezkoen pala txapelketarenaren III.a izango dira aurtengoak. Aipatutako hiru horietan izena emateko epea irekita dago jada; maiatzaren 3an itxiko da.

Txapelketa horietan apuntatzeko bide bat baino gehiago daukate herritarrek. Pasa daitezke Michelingo pilotalekutik, astearte eta ostegunetan, 18:00etatik 20:00etara bitartean. Bestela, posta elektroniko bidez ere eman daiteke izena, solanojf@hotmail.com helbidera idatzita. Ohar batzuk ere eman ditu antolatzaileak, Intza KEk hain justu: zehaztu du materiala eurek jarriko dutela, eta ez direla txapelketako partidak jokatu bitartean jazo daitezkeen istripu edota lesioez arduratuko. 

Hiru maila desberdin

Benjamin –2006 eta 2007an jaiotakoak–, alebin –2004 eta 2005– eta infantil –2002 eta 2003– kategoriako neska-mutil herritarrak izango dira protagonista San Pedro jaietako XXIV. esku pilota txapelketan. Larunbat eta igande goizetan jokatuko dituzte norgehiagokak, Loidibarren pilotalekuan. Gaztetxoenek pilota 'goxua' erabiliko dute; infantilek, berriz, tokerako mistoa. 
Intza KEko kideek jakinarazi dutenez, “kirola egiteko arropa egokiarekin” jokatzea “ezinbestekoa” da; finalerdiak eta finala arropa zuriarekin jokatuko direla ere aurreratu dute. “Esku pilotaren ezaugarri funtsezkoenetako bat da”, gaineratu dute.

Pala ere protagonista

Emakumezkoen pala txapelketak harrera ona izan duela ikusita, azken bi urteetako dinamikari jarraitu eta txapelketa hirugarrenez antolatuko du Intza KEk. 

Baditu zenbait baldintza eta ezaugarri lehiaketa honek. Horretan parte hartu nahi duten emakumeek herrikoak izan beharko dute, eta 2000. urtea baino lehen jaiotakoak. Beste hitz batzuetan esanda, 16 urte eduki beharko dituzte, gutxienez. Hortik aurrera, adin-mugarik ez dago.

Jokoari berari dagokionean, sakeak hirugarren koadrotik hirugarrenera egin beharko dira. Norgehiagokak hemezortzi tantora jokatuko dira. Azkenik, txapelketan erabiliko diren pilotak tenisekoak izango direla zehaztu dute antolatzaileek. 

Beteranoak, seigarrenez

Beteranoen txapelketaren VI. edizioak osatzen du Intza KEren hirukotea San Pedro jaietarako. Besteetan bezala, parte hartzaileek herrikoak behar dute izan. Bada aldaketarik jaiotza urtean, ordea: 1980. urtea baino beranduago jaiotakoek hartu ahalko dute parte. 

Lehiaketa horretan erabiliko dituzten pilotak 'goxuak' izango dira, sakeak hirutik hirura eta hemezortzi tantora norgehiagokak.