Paisaien katalogoa egiteko parte hartze prozesua abian

Txintxarri Aldizkaria 2016ko apirilaren 22a

Eusko Jaurlaritzak Donostialdeako eta Bidasoa Beheko paisaien katalogoa egiteko asmoa adierazi du. Horretarako, eskualdetako herritarrak gonbidatu ditu euren proposamenak eta iritziak partekatzera. Mota askotako paisaiak hartuko dituzte kontuan, ez bakarrik naturgune eta landagune “aipagarriak”.

Maiatzaren 12an amaituko den prozesuak katalogoan jasoko diren paisaiak zehaztea du helburu. Buruntzaldeko kasuan, hilaren 11n egingo dute foroa Urnietako Lekaio kultur etxean. Arratsaldeko 18:00etan hasiko da saioa eta 20:30ak arte luzatuko da.

Ohiko paisaietatik haratago

"Ikuspegi integratzaile" batetik definitu dute 'paisaia' hitza, 'Paisaiaren Europako Hitzarmenari' jarraituz. Hau da, naturgune eta landagune aipagarrietaz gain, hiri eremuak eta paraje degradatuak ere kontuan hartu dituzte.

Ekimenaren bultzatzaileek azaldu dutenez, egungo gizarteak "bere inguruari" buruzko kezka handitu du. Horregatik, paisaiaren kudeaketan "lurraldearen pertzeptzio soziala" bultzatzearen aldekoak dira.

Faseak

Ekimena aurrera atera ahal izateko eragile ezberdinak kontuan hartu dituzte. Lehenik, paisaiaren agenteekin hitz egin dute; kudeaketan eragina duten erakunde eta instituzioekin alegia. Inguruari buruzko haien pertzepzioa jasotzea da lehenengo fase honen xedea.

Profil ezberdineko herritarrak batu dituzte, ondoren. 10 eta 15 pertsona inguruko mahainguruak osatu dituzte, informazio anitza ateratzeko asmotan. Paisaiak deskribatu eta horietan eskuratu beharreko helburuen inguruan aritu dira. Ondoren, “egoera egokia” lortu ahal izateko ekintzak eta irizpideak proposatu dituzte.

Apirilean eta maiatza hasieran herritarrentzako foro irekiak egingo dituzte. Buruntzaldekoa, esan bezala, maiatzaren 11n egingo dute Urnietan. 

“Balio paisajistikoei buruzko informazioa gerturatzea” du helburu ekintza honek.

Prozesu parte hartzailea martxan da jadanik ‘Irekia’ plataforman. Ondorengo helbide elektronikoan, alegia: www.paisaiarenkatalogoa.com

Hautatutako paisaien inguruko balorazioa eman ahal izango da.

Azken xedeak, Donostialdeako eta Bidasoa Beheko paisaien katalogoak, tresna izan nahi du; lurraldearen kudeaketarako, antolakuntzarako eta planifikaziorako baliogarria izango dena.

Katalogoa idazteko lana Basoinsa-Sigmatek ABEEko teknikariek hartu dute.