Gazteak, kirola eta euskara mintzagai

Txintxarri Aldizkaria 2016ko apirilaren 21a

Gazteak, kirola eta euskara. Hiru horiek dira aurtengo Udaltop jardunaldien aztergai eta mintzagai nagusiak. Kontzeptu horien bueltan ibili dira gaur goizean zehar hainbat hizlari. Arratsaldean jarraituko dute jardunaldiek; pare bat mahai inguru prestatu dituzte antolatzaileek, Goiegi jatetxean. Bihar goizean amaituko dira aurtengo topaketak. Hainbat gai ari dira jorratzen: euskararekiko jarrera eta jokaera, kirola oinarritik euskaraz egin beharra, Eskola Kirola egitasmoaren araubidea eta funtsa... Urtero lez, mamitsua izaten ari da Udaltop.

"Ea aurreko urteetan bezain oparoak izaten diren aurtengo Udaltop jardunaldiak". Jesus Zaballos alkateak hasiera ekitaldian botatako esaldia ongi asko ari da betetzen Udaltop 2016. Gazteak, kirola eta euskara mintzagai hartuta, topaketetan izena eman duten 150 pertsona inguruk orotariko hausnarketa, gogoeta eta iritzi interesgarriak ari dira entzuten. 'Kirola D ereduan, noizko? Nork eta zer egin genezake gazteen euskarazko kirol jarduna ziurtatzeko?' da aurtengo jardunaldien leloa, gaur eta bihar artean burutzen ari direnena. Ibon Gaztañazpi kazetari oriotarra ari da aurkezle lanetan.

Lasarte-Oriako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak antolatu dute Udaltop, aurten zortzigarrenez. Hainbat laguntzaile ditu egitasmoak: Eudel Euskadiko Udalen Elkartea, Euskarabidea, Euskararen Nafar Institutua eta UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea.

Arestian formulatutako bi galdera horiei buruz hausnartzen lehenak ordezkari politikoak izan dira. Hasiera ekitaldira bertaratu dira Jon Antxordoki Lasarte-Oriako Euskara zinegotzia, Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusia. 

"Udalean lan egiten dugunontzat, garratzitsua eta premiazkoa da eskolaz kanpoko jarduerak euskaraz izatea, baina Eskola Kirola ere, noski", zehaztu du Antxordokik. Jakinarazi du "lanean" ari direla elkarteekin, eta dagoeneko martxan daukatela 'Euskararen Bidegorria' izeneko ekimena, 30 urtez beherako pertsonentzat jarduerak euskaraz eskaintzen dituena. Baztarrikak gogora ekarri du eskolaz kanpoko jardueren artean kirolarekin lotutakoak direla gaztetxoek gehien egiten dituztenak, eta aisialdiari "astindua" eman behar zaiola, esparru horretan lanean diharduten eragileak bildu eta "jauzi kualitatibo eta kuantitatiboa" emanez. Olanoren hitzetan, "oso enfoke berezia" dauka Gipuzkoako Eskola Kirolak: "Eliteko kirol taldeek ez dute baldintzatzen, egitasmoa ez doa bideratuta kirol jakin bat egitera soilik. Horren erakusgarri da, adibidez, kirolari olinpiko gipuzkoarren portzentaje altua".

"Borondatearekin ez da nahikoa"

Pello Jauregi EHUko irakasleari egindako elkarrizketa batek hartu dio lekukoa hasiera ekitaldiari. Hamar minutu inguruko bideo batean, hainbat gogoeta plazaratu ditu Jauregik. Horien artean, honakoa: "Neurri sozialak eta legalak hartu behar dira euskara sustatze aldera; ezin da dena utzi norbanakoen borondate eta motibazioaren baitan. Indarra du azken horrek, jakina, baina ibilbide motza". 

Irakaslearen iritziz, "berdin-berdin" jokatu behar da aisialdiaren esparruan, eta kirolarenean. Adibide zehatzak eman ditu: "Esaterako, entrenatzaileak hartzerakoan esaten badugu euskaraz aritu behar dutela beti, ikasleak moldatu egingo dira azkenean, modu natural batean, nahiz eta horietako batzuentzat euskara ez izan lehenengo hizkuntza". 

Entrenatzaileen formakuntza izan du hizpide Dorleta Ugalde Jaurlaritzako kirol-teknikariak. Onartu du "oso mugatua" dela entrenatzaileen euskarazko formakuntza, eta erronka hori hobetzea dela erronka. '16 urtez azpiko kirola: antolamendua eta araubidea EAEn eta Nafarroan' hitzaldia eskaini du, Nafarroako Gobernuko sustapen buru Andoni Irujorekin batera.

Monitore, hezitzaile eta entrenatzaileen figuraren garrantziari buruz hausnarketa egiteko lizentziatxoa hartu du Ibon Gaztañazpi aurkezleak. Urte luzez arraunlari izandakoa da, eta entrenatzaile gisa ere jardun zuen, beste oriotar batekin batera, Santurtzin. "Arraunlariak D ereduan ikasitakoak ziren, baina euskaraz ikastetxean egiten zuten soilik. Bi oriotar eta hiru zumaiar joan ginen hara, eta euskaraz aritzen ginen gure artean; azkenean, denok amaitu genuen kirola euskaraz egiten, modu natural batean".

'Kirola, oinarritik euskaraz'

Izenburu hori zuen Koikili Lertxundi Eusport enpresako zuzendari eta futbolari ohiak (Athletic-en jokatu zuen, besteak beste) emandako hitzaldiak. Aritu da oinarriko faseaz, noski, baina hizpide izan ditu baita ere gaztaroa eta helduaroa. "Hiru tarte horiek eskuan hartu eta batez bestekoa egingo bagenu, gaztelerak presentzia gehiago edukiko luke euskaraz baino", azpimarratu du.

Euskara eta kirola uztartzen dituzten egitasmoetan "osasuntsuena" Eskola Kirola dela uste du Lertxundik. Dena dela, "gauza kurioso bat" gertatu ohi dela ere aipatu du: "Hezkuntzak babestuak diren ekintzetan bermatuak egon ohi dira euskararen eskaintza eta erabilera; hortik kanpora, kirol elkarteen jardunean edota gaztetxoen bizi-esparruetan, ordea, ez".

Kirol irakaskuntza formalari -erakundeek eta tokian tokiko federazioek eskaintzen dutena- buruzko gogoetak partekatu ditu Lertxundik entzuleekin. Eskaintza elebiduna ez dago bermatuta, Eusporteko zuzendariak zehaztu duenez. "Eskaera eta eskaintzaren lege famatua" erabili du, hausnarketa ilustratzeko: "Kirol irakaskuntza euskaraz eskaintzeko, itxaroten ari bagara ikasleek eskatzea, modu batean eurei ari gara egozten ardura".

Eskola Kirolari buruz hausnartzen

Gogoeta oso interesgarriak plazaratu ditu gaur goizean Luis Mari Zulaika EHUko irakasleak. '8-16 urte arteko neska-mutilen kirola Euskal Herrian: eskola kirola, kirol eskolak eta ulertzen ez ditugun beste elkarketa batzuk' izeneko hitzaldia eskaini du.

"Aisialdira bideratuta egon behar du Eskola Kirolak, ez eliteko kirolera", adierazi du Zulaikak. Haren ustetan, "ikastetxeen esku" utzi behar dira ereduak, "ikuspegi hezitzailearekin". Era berean, pentsatzen du "lanabesa" izan behar duela kirolak, "emaitzak" lortzeko beste alor batzuetan. "Umeek kirola egitearekin gozatzea lortzen baldin badugu, gaztaroan praktikatzen jarraitzeko aukerak igo egiten dira", gaineratu du.

Goizeko hitzaldi-sortari amaiera Aritz Mutiozabal kazetariak eman dio. Hedabideek "euskara sasoian jartzeko" egin dezaketenaren inguruan egin du solas.

Arratsaldean, mahai inguruak

Udaltopek formatua berritu du aurten. Aldaketa aipagarrietako bat mahai inguruak antolatzea izan da. Bi prestatu dituzte aurtengo ediziorako; arratsaldean egingo dituzte, Goiegi jatetxean, 15:15etik 16:45era bitartean. 'Nola kudeatu euskara gaztetxoen kiroletik eliteko kiroleraino?' du izenburu horietako batek: Real Sociedad Fundazioko zuzendari Andoni Iraola, Basque Taldeako zuzendari Eneritz Iturriagaetxebarria eta Bera Berako eskubaloi jokalari Matxalen Ziarsolo izango dira hizlariak; BPXport-eko kide Onintza Arregik moderatuko du solasaldia.

'Nola eragiten ari gara gaztetxoen kirol jarduerako hizkuntzan gure herrian?' izenekoa izango da bigarren mahai ingurua. Pasaiko Udaleko 'Haur eta nerabeen eskubideak bermatzeko planaren' koordinatzaile Elisabet Astiasaran, Lauro Ikastolako hizkuntza normalizazio teknikari Fernando de Lera eta Aretxabaletako Udaleko kirol teknikari Asier Mujikak jardungo dute horretan. Moderatzaile lanetan Athlon-eko kide Endika Muruamendiaraz ariko da.