Josu Martinezekin solasean

Txintxarri Aldizkaria 2016ko apirilaren 20a

'Tunelak, izarak, mozorroak eta bafleak' liburuan euskal presoen ihesaldi eta ihes-ahaleginak bildu ditu Josu Martinezek. Irakurle Txokoko lagunak harekin aritu ziren hizketan astearte arratsaldean.

Iheslariak eta ihesaldi saiakerak eztabaidatu zituzten Irakurle Txokoko kideek asteartean. Josu Martinezek 'Tunelak, izarak, mozorroak eta bafleak' lanean jasotako adibideak izan zituzten oinarri, baina haratago joan ziren eta kartzelari eta preso egoteari buruz hausnartu zuten Danele Sarriugarteren gidaritzapean. Besteak beste, Txokoko kide den preso Aitzol Iriondoren ekarpena jaso zuten.

Kasu ezagunenak –Segoviako ihesaldia edota Iñaki Pikabea 'Piti' eta Joseba Sarrionandia 'Sarri'-rena, adibidez– eta ezezagunagoak errelatatu ditu Martinezek. Edonola ere, azpimarratu zuen "hautaketa pertsonala" izan dela, eta ez dutela zertan "esanguratsuenak" izan.

Ihesaldi istorioak "erakargarriak" dira Martinezen ustez. Literaturan edota zineman gisa horretako istorio asko kontatu dira; horietako batzuk oso ezagunak. "Irakurtzea gustatuko" litzaiokeen liburua idatzi du idazle eta zinemagile bilbotarrak. 

"Bilduma entziklopedikorik" egitea ez zen egilearen asmoa, jendeak "gustura" irakurriko duen kontakizuna baizik. Argitaratu zuenetik hona dei asko jaso dituela aitortu du Martinezek. Batzuk ihesaldi saiakera gehiago ezagutzen dituztela azaltzeko, eta beste batzuk beste modu batera egin zirela adierazteko.

Liburuak interesa piztu duela argi dago. Izan ere, gaiaren inguruko filmerik egingo ote duen galdetu dionik ere bada. Azaldu duenez, momentuz ez du jarraipenik idazteko edota ihesaldiei buruzko ikus-entzunekorik egiteko asmorik.