Herrialdeak elkar ezagutuz

Txintxarri Aldizkaria 2016ko api. 17a, 14:31

Larunbatean egun osoko jaialdi anitzaz amaiera eman zitzaion Multikultur Fest asteari. Musika, dantza, haurrentzako ekintzak... denetarik izan zen Lasarte-Orian bizi diren herrialdeetako kideek elkar ezagutu eta bizikidetza sustatzeko.

Gu ere, lasarteoriatarrak gara”  horrela agurtu ziren Lasarte-Orian dauden herrialde edo elkarte ezberdinetako ordezkariak Anitzen sareak Semblante Andaluzen ostegunean antolatutako ekitaldian. Mali, Sahara, Peru, Mongolia... banaka edo taldean oholtzara igo eta esaldia esan zuen.

Baina ekintza honen aurretik Manuel Lekuona kultur etxetik atera eta Semblante Andaluzen egoitzera ibilbide berezia egin zen 'Oaintxe in deu' txarangaren laguntzaz.

Kukuka eskolakoen dantzak eman zion hasiera ibilbideari. Rahma Islam elkartea, Extremadura Etxea eta San Pedro elizan izan zituen geldialdiak ibilbide berezi honek. Elizaren geldiunean, Nikaraguako komunitatea egon zen. Elkarte edo  kideek haien berri ematen zuten. 

Semblantera iristean, Semblante Rociero koruak abestitxo bat eskaini zuten harrera egin eta ekitaldiari hasiera emateko.

Amaitzeko, 'Bidegurutze'  abestia ere entzun ahal izan zen.

Bestalde, Venezuelako Javier Pavia abeslariarekin ederki gozatu zuten Arkupe tabernara hurbildu ziren lagunak.

Tailerrak eta jokoak

Ostirala arratsaldean, ekintzak Jaizkibel plazan burutu ziren.

Haurrentzako tailerrak eta jokoak izan ziren nagusi. Jalguneren magia ikuskizuna, bertsoa eta Pausoka-pausoka abestia edo Dinbi Banda batukadaren erritmoek eta Dj Aitorren abestiek dantzan jarri zuten plaza.

Txokolate gozoa ere dastatu ahal izan zuten plazara hurbildu ziren guztiek.

Eta giro ederrean, karaokea lehiaketa ere izan zen 2kain okindegian.

Ekintzaz betetako eguna

Larunbatean jaialdiak Landaberri BHI aurreko plazan jarraitu zuen goizean; arratsaldean berriz Okendo plazara leku aldatu zen.

Udal Musika eskolako trikitixen doinuek herriko kaleak alaitu zituzten. Tailerrak eta haurrentzako jokoak izan ziren, bidezko merkataritza eta produktu arabiarren postuak ere izan ziren bertan.  

Kukuka antzerki eta dantza taldeko kideen emanaldiaz eta 'Haurren abestiak' saioaz gozatu ahal izan zen euria hasi baino lehen.

'Nigeria Canta'ko lagunek, berriz, Pablo Mutiozabaleko etxebizitzako arkupeetan egin behar izan zuten haien emanaldia.

Eta paella herrikoia ere Udaletxeko arkupeen babesera egin behar izan zuten.

Tebal elkarteko haima ere arkupeetan jarri zen. Honetan, tea dastatzeaz gain, hennarekin apaindu ahal izan zituzten esku eta besoak haurrek.

Arratsaldeko egitarauari hasiera emateko, Erketz EDTko kideek agurra dantzatu zuten.

Zero Sette orkestraren jai banda, 'Bolivia baila', Zambra taldearen dantzak, euskal kantariei omenaldia eta Bollywood dantzak iksui ahal ziren Okendoko oholtzan.

MultiKultur Festi amaiera emateko Pangea eta Flame Door taldeen kontzertua izan zen.

Multikultur Fest asteko argazkiak eta asteburuko bideoak ikudgai gure galerietan.