Loreez gain, landareak, hazi eta belar medizinalak, xaboi naturala, tornuan landutako zura, lore eta landareekin egindako bitxiak eta imitaziozko bitxiak, lore prentsatuekin egindako koadroak edo ornamentuzko landareak erosi edo ikusi ahal izan dituzte plazara hurbildu direnek.
Etxeko txiki eta gazteek ez dute aspertzeko astirik izan, egurrezko jokoez gozatzeko txokoaz gain, aurten eskulanak egiteko aukera izan dute. Tailerretan lore prentsatuekin koadroak edo loreontziak apaindu eta landare landaketa egiten ikasi dute eta amaitzean, egindako lana etxera eraman ahal izan dute.
Era honetako ekintzekin Udalak herriko komertzioa sustatu nahi du. Izan ere, laugarren urtez egin den azoka honen helburu nagusia asteburuetan herritarrak kalera atera eta Lasarte-Orian erosketak egitea baita.
Azokako irudiak galerian.