Lasarte-Oriako alkate Jesus Zaballos pozik agertu da, Lasarte-Oriako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Atsobakar zahar-egoitzarako hitzartutako plaza kopuruarekin.
Bi erakundeek egoitzan 4 plaza eta Egunezko Zentroko 10 plaza erabilgarri izatea adostu dute.
Gipuzkoako Foru Aldundiak ere begi onez ikusi du akordioa. Lasak begi onez ikusi du hitzarmena, “itxaron zerrendak murrizteko” urrats garrantzitsua izango dela eta eskualdeko pertsonen “bizi-kalitatea” hobetuko duela argudiatuz.
Plazak beteak dagoeneko
Egoitzako plazak aste honetan bertan, apirilaren 15ean, sartuko dira indarrean; eguneko zentrokoak, berriz, maiatzaren 1etik aurrera izango dira erabilgarri. Baina Udalak aurreratu duenez, plaza hauek dagoeneko beteak daude.
Eskaera bati erantzuna
Akordio honek, Lasarte-Orian zegoen plazen eskari sozial benetako bati erantzuna ematen dio alkatearen hitzetan, “plaza hutsak egonik haiek ez ziren betetzen eta hori ulertzeko oso zaila zen”.
Era berean, akordio honi esker, Atsobakar zahar-etxean gaur egun duten defizita 159.431euroan gutxituko dela ere jakitera eman du. “Horrek lasaitu on bat emango dio udalaren diru-kutxari, eta kopuru hori beste helburu batzuetara zuzendu ahalko dugu”.
Hau guztiaz gain, alkateak hitzarmen hau Gipuzkoako Foru Aldundiak Atsobakar zahar-etxea osorik eta behin betiko bere gain hartzeko akordioa betetzearen bidean aurrerapauso bezala definitu du. Eta oraingo udal-gobernu taldeak aurtengo urterako helburu hori duela azpimarratu du.
Gizarte Zerbitzuen mapa
Gipuzkoako Foru Aldundiak jakitera eman duenez, neurria bat dator Diputatuen Kontseiluak 2015eko ekainaren 2an onartutako Gipuzkoako Gizarte Zerbitzuen 2015-2017 bitarteko Mapan finkatutakoarekin. Bertan, besteak beste, zehazten dira adineko mendeko pertsonentzako eguneko zentroetan eta egoitza zentroetan dagoen plaza premiari aurre egiteko lehentasunezko esku hartzeak.
Jarduketa horien artean dago Buruntzaldean 4 plaza sortzea egoitzan, eta 10 eguneko zentroan.