Bi herri, sentimendu bakarra

Txintxarri Aldizkaria 2016ko apirilaren 22a

Adiskidetasunerako asteburua izango da hurrengo astekoa. Tarragonako Torredembarra herriaren eta Lasarte-Oriaren artekoa, hain zuzen. Kultura eta gastronomia ardatz izango dituen jaialdia prestatu dute Kataluniatik etorriko diren 250 herritar ingururi ongi etorria emateko. Antolatzaileekin hitz egin dugu bi herrien arteko harremanari buruz gehiago jakite bidean.

Lasarte-Oria eta Torredembarraren arteko harremana aspalditik dator. Duela hamalau urte inguru hasi zen Mikel Eskisabel herritarrak Kataluniara egindako oporraldi batean. “Koadrilak elkar ezagutzen joan ginen, eta askotan joan gara gu hara eta haiek hona”. 

2015ean erlazioak jauzi handia eman zuen. 50 lasarteoriatar inguruk bidaiatu zuten Tarragona aldera. “Hasiera batean bertan zikiroa egitea zen gure intentzioa” diote antolatzaileek. Euskal gastronomia eta ohituren bitartez bi herrien arteko loturak sendotzea zen helburua.

Aurten, berriz, deia bueltan jaso dute lagun lasarteoriatarrek: “Prestatu zaitezte, aurten hara goaz eta”. Erronkari eutsi diote eta dantzaz, musikaz, bertsoz eta gastronomiaz beteriko egitaraua prestatu dute. 250 torredembaratar etorriko dira eta harrera beroa egingo zaie Lasarte-Orian. Batzuk ostiralean etorriko dira –apirilaren 28an–, baina gehiengoa biharamunean iritsiko da lau autobusetan.  Sasoetako gimnasioan eta ‘REM’ eraikinean egingo dute lo bisitarietako batzuk.

Lasarte-Oriaren txanda

“Lasarte-Oria jadanik ezaguna da Torredembaran” diote antolatzaileek. Haiek ezagutzeko txanda iritsi da orain. Gure herrian “ikusmina” sortu du egitasmoak. 

Herriko zenbait taldek hartuko du parte bi egunetan egingo diren ekintzetan. Taberna eta elkarte askok ere euren laguntza eskainiko dute beharrezkoa den materiala utziz, egitasmoa ahalik eta hoberen atera dadin. “Eskerrak eman nahi dizkiegu denei. Egitasmo herritarra da eta pozik gaude eragile asko tartean izateagatik”.

“Kultura eta gastronomia bi herri elkartzeko elementu erakargarriak izan daitezke”, diote antolatzaileek. Horregatik, prestatutako ekintzak Euskal Herriko eta Kataluniako ohiturekin lotutakoak dira.

Txarangarekin, txalapartarekin eta euskal dantzekin ekingo diote jaiari larunbateko 12:00etan. Babarrun jan herrikoia egingo dute ostean. Jakinarazi dutenez, txartelak ohiko tabernetan daude salgai jadanik 12 eurotan. Aholkatu dute sarrerak erosteko azken momentura arte ez itxaroteko. Izan ere, kopuru mugatua jarriko dute salgai eta horiek amaitzean ez da gehiago hartzeko aukerarik egongo. 

Bazkalostean bertso saioa egingo dute eta kataluniarrek oparia jasoko dute adiskide lasarteoriatarren eskutik: bereziki ekitaldi honetarako diseinatutako txapelak.

Arratsaldean dantzak hartuko du lekukoa. 17:00etan hasiko da kalejira Okendo plazatik.

Antolatzaileek nabarmendu dutenez, torredembaratarrek egingo duten “Ball de diables” dantza bengala eta pirotekniadun ikuskizun “ederra” izango da. Halaber, ‘castellers’ eta beste dantza tradizional batzuk egingo dituzte. Lasarte-Oriako  Oaintxe In Deu txarangak eta Rezibatudak ere hartuko dute parte, soinuen arteko nahasketa berezia sortuaz.

Bestalde, kamisetak eta ‘esteladak’ ere jarri dituzte salgai. Azaldu dutenez, taberna bakoitzean neurri bateko kamisetak egongo dira soilik. Beraz, erosleek galdetu beharko dute non saltzen duten euri hobekien dagokiena.

Igandeko ekintzak

Dultzaineroek diana eskainiko dute goizeko 10:00etatik aurrera. Eguerdian, aldiz, vermuta edango dute elikagai katalan tipikoek lagunduta. Bitartean, plaza Torredembarrako musikariek girotuko dute.

Honekin, intentsitate handiko asteburu honi amaiera emango diote. Ez dakite hurrengo bisita noiz eta nolakoa izango den, baina lotura estutzea da helburua, eta ziur desio hori beteta etxeratuko direla.

Aldarrikapena

Festak badu atzean zerizan aldarrikatzailea. “Herri desberdinak izan arren, antzeko sentimenduak ditugu” azaldu dute antolatzaileek.

Bi herrien arteko harremanean aldarrikapen horrek indarra izan duenik ez dute ukatzen. Hala ikus daiteke jaialdirako aukeratutako goiburuan: ‘Bi Herri, helburu bakarra’. 

Gure Esku Dagok ere bide horretatik hartuko du parte jaialdian. Larunbat gauean, kontzertua bukatu ondoren, kriseiluak botako dituzte zerura erabakitzeko eskubidearen alde.

Torredembarra eta Lasarte-Oriako koadrilen arteko harreman berezia irudikatzeko adibide bat jarri dute antolatzaileek. Duela bi urte, bertako bikote bat etorri zen Lasarte-Oriara ezkontzera. “Oso giro atsegina” sortu zela nabarmendu dute.

Halako istorio gehiago entzute bidean, manten dadila anaitasuna luzaroan