Liga erregularrean erakutsitakoa berrestera

Iñigo Gonzalez Sarobe 2016ko apirilaren 18a

21 garaipen eta porrot bakarra. Hori da Babyauto Zarautz taldearen balantzea, liga erregularrean. Ohorezko B mailako iparraldeko multzoko txapelduna izan da, alde handiz; 99 puntu poltsikoratu ditu, bigarrenak baino hamahiru gehiago. Merezitako atsedena hartzen ari dira orain, igandean Ohorezko Mailara igotzeko kanporaketei ekin aurretik. Burgosko Aparejadores izango dute aurkari. Itzulikoa Zarautzen jokatuko dute.

Apirilaren 24a. Egutegian data hori dute gorriz markatuta Babyauto Zarautz taldeko jokalariek. Egun horretan ekingo die taldeak Ohorezko Mailara igotzeko kanporaketei. Aurkaria, Burgosko Aparejadores. Kantxa-abantaila zarauztarren aldekoa da. Hortaz, itzuliko norgehiagoka etxean jokatuko dute; Asti zelaian, hain justu. 

Abantaila hori ez zaie erori zerutik. Liga erregular bikain bat egitearen ondorio izan da: 22 partidu jokatu dituzte, eta bakarra galdu –Durangoren kontra–. 99 puntu bildu dituzte Fran Puertasek zuzendutako jokalariek, bigarrenak baino hamahiru gehiago.

Orain arte erakutsitakoa berrestea dagokio orain taldeari. Badakite ez dela samurra izango esku artean duten erronka gauzatzea, baina den-dena emango dute hori lortze aldera. Lesio eta lan-kontuak tarteko, taldeko jokalari guztiak ez ditu edukiko bere aginduetara entrenatzaileak, baina hori ere ez da oztopo izango.

Herritar ugari taldean

Entrenatzaileak behar izan dituenean, beti egon dira jokatzeko prest Beltzak taldearen harrobitik atera diren hainbat herritar. Ander eta Xabier Rekondo anaiak, Julen Aristorena, Beñat Arroyo eta David Vega aritu izan dira denboraldi honetan zarauztarrekin.

Ligako azken jardunaldian ere izan zuen ordezkaritza Lasarte-Oriak: Xabier Rekondo eta David Vega hasieratik aritu ziren, eta bigarren zatian zelairatu zen Ander Rekondo. Beste garaipen bat zakuratu bazuten ere, zapore garratzekoa izan zen, orduko horretan aurkari izan zuten La Unica RT talde nafarrak kategoria galdu zuelako. 

Kanpoko taldeak ongi asko zekien hil ala bizikoa zela neurketa hori. Gauzak horrela, Asti zelaira oso kontzentratuta irten ziren, eta abantaila polita lortu zuten aurreneko minutuetan: 0-9. Atsedenaldira ez ziren iritsi emaitza horrekin, ordea, Babyautok lortu zuelako aldea murriztea: 5-9.

Bigarren zatian zarauztarrek erakutsi zuten multzoko txapeldun izatera ez direla iritsi kasualitatez, eta norgehiagoka irabazi zuen, 17-12.

Emaitza horrekin, kategoria galdu zuen La Unicak. Puntuak ez zituzten eraman Asti zelaitik, baina bai Babyauto taldeko jokalari, entrenatzaile eta zaleen aitortza eta errespetua: pasiloa eta txalo zaparrada eskaini zizkieten nafarrei.

Taldeaz "harro"

“Aurreko sasoian baino hobeto ibili gara aurten; erabili ditugun jokalari guztiek primeran erantzun dute”. Horrela baloratzen du Fran Puertas entrenatzaileak Babyautoren denboraldia. Taldea “gaztea” dela dio, eta datozen urteetan “hobetzeko tarte handia” daukala.

Aparejadoresen aurkako kanporaketa “gogorra” izango dela uste du, eta zenbait jokalari ariko ez diren arren, “konfiantza osoa” du taldearengan.

Autobusa Burgosera

Arestian esan bezala, kanporaketako joaneko norgehiagoka Burgosen jokatuko du Babyauto Zarautzek, apirilaren 24an.

Egun horretarako autobusa antolatu dute zaleek. Aritzbatalde taberna parean (Zarautz) jarri dute hitzordua, 9:00etan. Izena emateko 629 95 24 78 telefono zenbakira 'whatsapp' mezu bat bidali beharko dute interesa dutenek. Bost euroren truke, garraioa eta hamaiketakoa izango dute.