Gazteen euskarazko kirol jarduna ikusmiran

Txintxarri Aldizkaria 2016ko apirilaren 18a

Udaltop, Udaletako euskara zerbitzuen topaketak Manuel Lekuona kultur etxean egingo dira ostegun eta ostiralean. Aurtengoa ‘Kirola D ereduan, noizko?’ izendatu dute.

Jaurlaritzako HPSko Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendari Jorge Gimenezek nabarmendu du “gaurkotasun eta lehentasun handiko gaia” dela, “kirol jardunak berebiziko garrantzia duelako gazteen hizkuntza ohiturak finkatzeko”.

Hamar ponentzia, bi mahai-inguru eta elkarrizketa bat egingo dituzte guztira. Aurkezle lanak Ibon Gaztañazpi kazetari eta arraunlari ohiak egingo ditu.

Ostegun goizeko 09:00etan hasiko dira jardunaldiak. Bazkalordua iritsi bitartean ponentzia ugari eta anitzak entzun ahal izango dira. Besteak beste, kirol teknikarienak, irakasleenak edota kazetarienak. Bazkalostean bi mahainguru egingo dituzte ordu berean.

Bi gai jorratuko dituzte horietan. Lehenak “Nola kudeatu euskara gaztetxoen kiroletik eliteko jardueraraino?” du izena, eta bigarrenak “nola eragiten ari gara gaztetxoen kirol jarduerako hizkuntzan gure herrian?”.

Bigarren eguna zenbait ponentziek osatuko dute. Irungo eta Zarauzko Udaleko edota Arabako Foru Aldundiko kideek hitz egingo dute, besteak beste. Halaber, Gaizka Garitano futbol entrenatzaileari elkarrizketatxoa egingo diote.

Gazteen kirolari eta euskarari buruz, beraz, asko hausnartuko da aste honetan Lasarte-Orian.