Lore, landare eta bestelako produktuz josita egongo da larunbat goizean zehar Okendo plaza. Laugarrenez azoka antolatu dute Udalak eta Behemendik zein Dekolore elkarteek. Goizeko bederatzietan irekiko ditu ateak, eta 14:00ak arte egongo da zabalik. Herritarrek hamabost postutako salgaiak ikusi eta erosi ahalko dituzte goizean zehar.
Haurrengan ere pentsatu dute antolatzaileek aurtengo edizioa prestatzerakoan. Pare bat tailer antolatu dituzte: lore prentsatuak nola egin ikasiko dute batean, eta landaketan trebatzen hasiko bestean.
“Material naturalak erabiliz artisautza produktuak egitearen inguruko zaletasuna gaztetxoengan piztea eta landareen munduan murgiltzen hastea dira tailerren helburu nagusia”, azpimarratu du gaur goizeko aurkezpen ekitaldian Behemendiko kide Ainhoa Amundarainek. Bi ikastaro horiek ordubete ingurukoak izango direla ere zehaztu du: “Amaieran, haurrek etxera eraman ahalko dute tailerrean egindakoa. Landaketarenaren kasuan, lorontzi bat apainduko dute lehenengo, eta gero ikasiko dute lore bat nola landatu bertan”. Dekolorek prestatu ditu jarduerak. Aipatu tailerrez gain, “beste joko batzuetan" ere aritu ahalko dira umeak.
Orotariko produktuak
Amundarainek aurreratu duenez, askotariko salgaiak ikusi eta erosi ahalko dituzte herritarrek bihar: “Gipuzkoako ekoizle profesionalen produktuak, Dekoloreko kide diren haztegien arduradunenak, landare aromatikoak, hazi eta belar medizinalak, xaboi naturala, egur torneatua, hazi eta belar medizinalak, lore prentsatuekin egindako koadroak, ornamentuzko landareak... Denetarik edukiko dugu; ea eguraldiak laguntzen duen larunbatean”.
Jesus Zaballos alkateak ere egin dio erreferentzia eguraldiari, eta adierazi du “atsegin handiz” antolatzen dituela Udalak lore eta landare azokaren gisako ekitaldiak. “Herritarrak gonbidatzen ditugu larunbateko azoka koloretsuan parte hartzera”, gehitu du.
"Bultzada komertzioari"
Sozioekonomia zinegotzi Beatriz Juezek nabarmendu du “herriko komertzioa sustatzen" jarraitzen duela Udalak: “Asteburuak dinamizatzen dihardugu, sozioekonomia bultzatzen, azoka hau bezalako ekitaldien bitartez; plaza kolorez betetzea espero dugu, eta salmenta zifrak oparoak izatea”.
Antzeko terminotan mintzatu da Dioni Avila udal-teknikaria. Haren aburuz, “interes handia” pizten du herritarrengan lore eta landare azokak: “Aurreko edizioei begiratu besterik ez dago horretaz jabetzeko”. Avilak gaineratu du “satisfazio handia” dela azoka antolatzea, eta etorkizunean egiten jarraitzeko asmoa agertu.