Lasarte-Oriako hormen egoera kaxkarra hobetu, herria apaindu eta herriko merkataritza sustatzeko asmoz, bigarrenez Guztion Lasarte-Oria! Lehiaketa martxan jarri zuen Udalak.
Aurkezpen data amaitzean 22 proposamen zituen Udalak esku artean eta bihar izango da finala. Honetarako bost izan dira aukeratuak. Horretarako hainbat puntu izan dira kontuan eta gaia izan da horietako bat. Izan ere, gaia librea izan arren, kontzeptu gisa aniztasuna dutenak bereziki baloratu baituzte.
Iaz irabazlea Ione Zabala herritarra izan bazen ere, aurten ez da finalisten astean herritarrik izango.
Egun osoan zehar haien lanak paperetik hormetara eraman beharko dituzte.
Puntu ezberdinak
Honetaz gain, bost lanak herriko puntu ezberdinetan egingo dira.
Sagardotegi kalean, Gazteizko Aleksei Lacalle Diaz artistak 'Udaberria' lana margotuko du.
Pablo Astrain Gonzalez getxotarrak 'Te vé' lana egingo du Kale Nagusia 6 zenbakian.
Hirugarren lana, 'Corazón' Hipodromo Etorbidean izangoda eta Madrilgo Jorge Gordillo Martinezek margotuko du.
Irungo 'Artitadeto' artista elkarteak 'Diversidad' lanarekin lehiatuko da. Iñigo de Loiola kalean lan egin beharko du taldeak.
Azkenik Ganbo 34 zenbakiako horman Ane Arsuaga Iraola donostiarraren 'Begirunez beteriko begiradak' lana izango da ikusgai larunbatetik aurrera.
Epaia
Fernando Golvano arte kritikaria, Gotzon Huegun eskultorea, Julian Toquero disenatzailea, Ramon Ormazabal Aterpe Merkatarien elkarteko lehendakaria eta Eva Lizarraga programaren udal arduraduna izango dira epai-mahia osatuko duten pertsonak.
Apirilaren 18an, astelehenean, lan guztiak aztertu eta sarien epaia erabakiko dute.
Saribanaketa apirilaren 30ean izango da.
Merkataritza suspertu
Biziberritzen proiektuaren barneko ekimena da Guztion Lasarte-Oria! Lehiaketa. Proiektuaren helburua udalerriaren itxura eta zona degradatuak hobetzeko proiektu artistiko bat diseinatzea da.
Honen bitartez, herriko merkataritza suspertu eta bultzatzea espero da.
“Eragin positiboa” izango duela nabarmendu dute antolatzaileek, eta herrian bertan kontsumitzea “erakargarriagoa” egitea espero dute.