Udalbatzarra hasi aurretik, Jesus Maria Zaballos alkateak zendutako Miren Ormazabal langilea izan zuen gogoan Udal korporazio osoaren izenean.
Otsaileko akta onartu eta kredituak aldatzeko gaur arte bideratutako eta likidazioaren dosierren berri eman ostean ekonomia jardueren gaineko zergaren tarifa aldaketari buruz hitz egin zuen alkateak.
Ogasun batzordeak onartutako aldaketak Gipuzkoako Foru Aldundiak ezarritako muga gainditzen zuen. Hortaz, zergaren igoera bertan behera utziko dute.
Batzordearen erabakia berretsi zen Udalbatzarrean PSE-EEren, Lasarte Oriak Ahal Du-ren, EAJren eta PPren aldeko botoekin. EH Bilduk abstentzioa eman zuen.
Haur parkeen irisgarritasuna
Ume ezinduentzako parkeak egokitzearen aldeko mozio bateratua aurkeztu zuten EAJk eta PSE-EEk. Haien ustez, gaur egun Lasarte-Oriako jolasguneek ez dituzte betetzen haur guztiek segurtasunez jolasteko beharrezkoak diren baldintzak.
Talde guztiak araudi berria garatzearen alde agertu ziren. Alkate Jesus Maria Zaballosek azaldu duenez, jadanik Pausoka elkartearekin jarri dira harremanetan hurrengo urratsak emateko aholkuak jasotze bidean. Egokitutako haur parkeetan adituak diren enpresekin ere hitz egin dute, eta hurrengo hilabeteetan arlo honetan hobetzea espero dute.
Kontu irekiak
LOADk eta PSE-EEk kontu irekien aldeko ordenantza garatzearen aldeko mozioa ekarri zuten Udalbatzarrera. Arkaitz Nayaren ustez, “ez da nahikoa kode etikoa izatearekin”. Udal dokumentuan gardentasuna sustatu behar dela uste dute, eta horretarako “diru kontuak irekiak eta herritar ororen eskura egon behar dutela”.
PSE-EEko ordezkariek nabarmendu zuten aldaketa “gradualki” eta “teknikoen babesean” egin beharko dela. Alderdi guztiek baiezko botoa eman ostean, mozioa onartu zen.
Auzo konpostajea
Hondakin organikoak konpostatzen dituzten familiei tasa progresiboa ezartzearen alde agertu zen EH Bildu, haiek aurkeztutako mozioan. Ezeztatua izan zen. Izan ere, PSE-EEk, LOADk eta EAJk ezezko botoa eman zuten eta PP abstenitu egin zen.
EAJren eta PSE-EEren alternatiba atera zen aurrera. Lourdes Acevedok azaldu zuen “5. kontenedorearen aldekoak” direla eta ezarri beharreko politikak “herri osoarentzat onuragarriak” izan behar direla eta “ez soilik familia batzuentzat”.
PSE-EEren, LOADren, EAJren eta PPren botoek mozio alternatiboa onartu zuten. EH Bilduk abstentzioa eman zuen. Barrioren ustez, “bi testuak nahiko antzekoak dira”, baina “konpostajearen aldeko jarrera aktiboagoa” ikustea gustatuko litzaieke.
Ospitaletako autobus zerbitzuak murriztearen kontra
EH Bilduk Usurbil eta Ospitalen arteko autobus zerbitzuak murriztearen aurkako adierazpen instituzionala plazaratu zuen. Diotenez, “beste linea batzuetan murrizketak” egon dira, eta baliteke hura ere gutxiagotzea.
EAJk, LOADk eta EH Bilduk baiezkoa eman zuten, PSE-EE-k aurkakoa eta PP-k abstentzioa.
Estitxu Alkorta EAJko bozeramaileak nabarmendu zuen “ospitaletako zerbitzuetan egon litekeen edozein murrizketaren aurka” daudela. Diotenez, Aldundiko garraio arduradunak esan die “ez dutela linean aldaketarik egingo”
Alkate Jesus Maria Zaballosek adierazi zuen ospitalera doan autobus linea defendatuko duela.
Etxebizitza duinaren aldeko adierazpena
PSE-EEk proposatutako adierazpen instituzionalak Jaurlaritzako 3/2015 etxebizitza legearen garapena eskatu zuen. Duina eta egokia den etxebizitza okupatzeko eskubidea onartzen du aipatutako testuak, prestazio ekonomikoak arautzeaz gain.
Adierazi dutenez, aurkeztutako dekretuaren zirriborroak “pertsonen eskubideen murrizketa” ekarri du. Horregatik, legearen araudiaren garapena eskatu diote Jaurlaritzari, jatorrizko testuaren “zerizana” errespetatuz. Halaber, aurrekontuen edota erregelamenduaren onartzeak murrizketarik ekarriko ez duela ziurtatu nahi dute.
EAJko Estitxu Alkortak hartu zuen hitza, Jaurlaritzaren jarrera azalduz. Dekretuaren helburua legea arau osagarriz hornitzea dela azpimarratu zuen, legea bere osotasunean “gradualki” garatuko dutela adieraziz.
Adierazpena onartu egin zen PSE-EEren eta EH Bilduren aldeko botoekin. Lasarte-Oriak Ahal Du, EAJ eta PP abstenitu egin ziren.
EH Bilduko Pablo Barrioren ustez Udal mailan ere neurriak har daitezke, eta bide horretan urratsak ematea eskatu zuen. Esaterako, bigarren etxebizitzako zergan.
EB-Turkia ituna eztabaidagai
Bi adierazpen instituzional eztabaidatu ziren Europar Batasunak eta Turkiak adostutako itunari eta errefuxiatuen egoerari buruzkoak. Bata PSE-EEk aurkeztutakoa eta bestea EAJk. Lasarte-Oriak Ahal Du-k lehenari emendakina aurkeztu zion, neurri gehigarriak proposatuz.
PSE-EEko Lourdes Acevedok nabarmendu zuen akordioa “immorala eta zalantzazko legalitatekoa” dela. Pertsona guztiek duten asilo-eskubidea “urratzen” du bozeramailearen ustetan eta bere alderdiaren “gaitzespena” azalerazi zuen.
PSE-EEren, EAJren eta LAODren aldeko botoek onartu zuten adierazpena.
Alejandro Saenzek –PPko ordezkariak– esan zuen “espirituarekin bat” egiten duela”. Hala ere, bere ustez, “Lasarte-Oriako Udalbatzarrak ezin du Kongresua zuzendu” eta “ziur” da EBk ez duela legea hautsiko.
EH Bilduko Pablo Barriok, aldiz, Europar Batasunak “merkatuen interesak” defendatzen dituela nabarmendu zuen, ez pertsonenak. Hortaz, bere ustez ez dago “humanismoa eskatzerik”. Arazoaren “muina” konpondu beharko litzatekeela uste du EH Bilduko bozeramaileak. Hau da, Batasunaren izaera bera.
LOADk Europako bandera haga erdira jaistea eta Okendo plazan kontzentrazioa egitea proposatu zuen. PSE-EEren botoekin batera atera zen neurria aurrera.
EAJk gai beraren inguruan beste adierazpen bat aurkeztu zuen. “Europar balioen kontrako” ituna dela salatu zuen Estitxu Alkortak. Batasunari eta kide diren estatuei eskaera egin zien “zubiak irekitzeko” eta errefuxiatuen krisi eta “zorigaitz humanitarioari” erantzuna emateko.
Hura ere onartua izan zen PSE-EEren eta LOADren laguntzaz.
Argiako Axier Lopezi babesa
Eguneko gai zerrendatik kanpo zen premiazko gaia proposatu zuen EH Bilduk. Argia aldizkariko Axier Lopez kazetariak 601 euroko isuna jaso zuen poliziaren baimenik gabe atxiloketa bateko argazkia Twitter sarean argitaratzeagatik. “Mozal legearen kontra eta Lopezi babesa ematearen” aldeko adierazpena plazaratu zuten.
PSE-EEk puntuka bozkatzea eskatu zuen eta hala egin zuten. Puntu guztiak onartuak izan ziren. Azalpena, lehenengoa eta hirugarrena EH Bilduren, EAJren eta LOADren aldeko botoekin eta PSE-EEren eta PPren kontrakoekin. Bigarrenak Alderdi Sozialistaren babesa ere jaso zuen.
Galderak eta erreguak
Alkate Jesus Maria Zaballosek beste taldeen galderei erantzun zien. Aurrekontuak udara iritsi aurretik onartuta egotea espero dutela azaldu zuen. Halaber, bere esanetan, gardentasun planak aurrera jarraitzen du. “Alor bakoitzeko teknikariei dagokie orain eguneratzea”.
PPko Alejandro Saenzi erantzunez motorren aparkaleku falta eta Tajamarko biribilguneko seinaleztapena begiratuko dituzte.
Tratu On Bat ekimenaren barnean, lokal hutsetako erakusleihoak erabiltzearen inguruan galdetu zuen LOADk. Zaballosen esanetan, Aterpearekin sinatutako hitzarmena denez, bertako kide diren komertzioek erabili dezakete. Bestalde, Lanbidek Kaltetutako Plataformarekin akordioa sinatze bidean direla adierazi zuen alkateak.
Azkorteko eta Plazaolako bideen artean dagoen tunela urez trabatuta dagoela eta hori konpondu behar dela adierazi zuen zinegotzi Jose Maria Urdampilletak EAJko Jon Antxordokiri erantzunez. Jarraitu beharreko pausuak “teknikarien aholkuen arabera” egingo dituztela azpimarratu zuen.
2015eko aurrekontuetan establezimendu berriei laguntzeko 14.000 euro inguruko partida erabili den edo erabiltzeko asmoa dagoen galdetu zuen EH Bilduk. Sozioekonomia batzordean erantzunik eman ez zitzaiela azpimarratu zuen Barriok. Partida ez da erabili teknikarien kontseiluei jarraituz, Zaballosen esanetan. Bestalde, “5. kontenedorea 2016an ezartzeko asmoa” dute eta “Kooperatzen ekimenaren lokala Hernanira mugitu izana Lasarte-Oriakoak ez diren teknikarien erabakia” izan da.
Herritar batek Manttangorri bus zerbitzuen inguruan galdetu zuen. Alkateak erantzun zuen aurrekontuetan eta hitzarmenean adostutako zerbitzua ematen dutela. Geltoki gehiago jartzekotan edota ibilbidea handitzekotan eskaintzen zaion diru kopurua handitu beharko da.