Jesus Zaballos alkatea, Cristian Uriarte Hezkuntza sailburua, Imanol Zubizarreta Baikara guraso eskolen elkarteko zuzendaria, Nilson Olivares Burunzpe Sasoeta-Zumaburu ikastetxeko guraso elkarteko kidea eta Izaskun Oronoz Gizarte Zerbitzuetako teknikaria izan ziren Multikultur fest astearen aurkezpen ofizialean.
Alkateak Rafael Amor abeslariaren 'No me llames extranjero' kantako hitzak ekarri zituen gogora. Gaztelania eta euskara nahastuz, kultura aniztasunaren aberastasuna goraipatu zuen. Giza-eskubide eta balorei buruz ere mintzo zen, errespetua nabarmenduz eta hauek bermatzeko hezkuntzaren garrantzia azpimarratu zuen.
Gizarte Zerbitzuetako teknikari Izaskun Oronozek herrian martxan dagoen dibertsitate plana eta hurrengo ekintzak aipatu zituen.
Nilson Olivaresek, Sasoeta-Zumaburuko Burunzpe elkarteko Aniztasuneko batzordeko kideak, batzordearen sorrera eta lana ekarri zuen aurkezpenera, batez ere, familien integrazioa lortzeko egiren ari zen lana nabarmendu zuen.
Baikarako Imanol Zubizarretak inmigrazioaren fenomenoak gaur egun ikastetxeetan kezka sortzen duela eta gaia lantzeko laguntza eskaera asko dituztela azpimarratu zuen. Burunzpe elkartea aniztasunaren alorrean beste guraso elkarteen eredu dela jakitera eman zuen eta bere lana goraipatu zuen, baita lortutako sariak aipatu ere. Ikastetxeen artean ematen diren desorekak ekiditeko araudi aldaketaren alde eta haien lana aurrera eramateko baliabideak eskuratzeko borrokatu dutela adierazi zuen. Era berean, erronka handiena familia gizarteratzea dela eta horrelako herri ekimenak egitea oso aberasgarria dela ere nabarmendu zuen.
Azkenik Cristina Uriarte Sailburuordeak herriko ikastetxea zoriondu zuen. Gure gizartean ematen ari den kultura aniztasuna gure ikastetxeetan presente dagoela, hau altxorra dela eta erronka baino aukera bezala ikusi behar dela aipatu zuen. Horretarako eta bazterketa ekiditeko hezkuntzak leku zentral bat izan behar duela adierazi zuen.
Aurreiritziak
Ostean, Gorka Moreno EHUko Gizarte Hezkuntzako irakasle eta Ikuspegiko zuzendariak atzerritarrenganako dauden estereotipo eta aurreiritziei buruzko hitzaldia eskaini zuen.
Ikuspegi, Inmigrazioaren Euskal Behatokiko estatistika eta datuetan oinarrituta egin zuen solas Morenok. Solasaldian azpimarratu zuenez, aurreiritzi guztiak ezabatzea ezinezkoa da, izan ere, alde emozional bat ere izan baitatiteke.
Hitzaldira hurbildu zirenek galderak egiteko tartea ere izan zuten.
Eta gurasoak hitzaldia entzuten ari ziren bitartean, kafetegian txikienek Kontu Kantoiko lagunen 'Aniztasuna bizipoza' ipuinaz gozatu zuten, oihan berezi batean oinarritutako istorioa.
Zurrumurruak
Gaur arratsaldean, 18:00etatik aurrera, Manuel Lekuonako hitzaldi aretoan SOS Arrazakeria taldeko Tarana Karim eta Silvana Lucianok 'Bizilagunak eta zurrumurruak' hitzaldia eskainiko dute. Ostean, arabiar produktuen dastaketa izango da.
Etxeko txikiek, aldiz, 'Txanoak buruan eta ibili munduan' narrazioa entzungo dute Kontu Kantoiren eskutik.