9:30eko trena hartu zuen gure herritik abiatu zen koadrilak. Herrerako geltokian jaitsi, eta ttipi-ttapa joan ziren Trintxerpera, eguraldi paregabea lagun zutela.
10:30en bueltan elkartu ziren denak Serafin Esnaola plazan. Begirale eta arduradunen azalpenak adi entzun eta gero hasi ziren jolasean gazteak. Hamabi probaz osatutako ginkanari ekin zioten.
Burua, gorputza eta irudimenari eragin behar izan zieten gazteek. Bertso bat sortzea, sudoku eta ekuazioak egitea, erreleboak, hanka baten gainean oreka mantentzea...orotarikoak izan ziren probak. Garai berrietara egokitutakoren bat ere bai: 'selfieak' atera behar izan zituzten gazteek atzokoak, KTGren logoa eskutan, kalean zebiltzan oinezkoekin. Primeran pasa zuten denek ginkana egin bitartean.
Sukaldari trebeak
Ginkana amaitzean, Serafin Esnaola plazan bazkari legea egin zuten gazte eta begiraleek. Indarrak berritu ostean, sukaldean trebeak direla erakutsi zuten neska-mutilek, jaki goxoak prestatu baitzituzten postre lehiaketan.
Antolakuntzak emandako osagaiak baliatuta, hiru ordu laurden zituzten parte hartzaileek postreak sortzeko. Ederki aritu ziren: mazedoniak, bizkotxoak, tartak...egin zituzten.
Epaimahaiaren aurrean erakutsi zituzten, ondoren. Kideen deliberoa entzun eta irabazlea nor izan zen jakin ostean, taldeek euren eta gainontzekoen postreak dastatu zituzten.
Rezibatukada kaleetan
Perkusioa izan zen protagonista arratsaldean. Asteotan batukada doinuak ikasi dituzte Lasarte-Oriako gazteek, eta atzo eraman zituzten praktikara. Gainontzeko herrietako taldeei erritmoak irakatsi zizkieten aurrena, eta Trintxerpeko kaleak alaitu zituzten gero denek elkarrekin, Oihan Agirretxe herritarra zuzendari zutela. Festari amaiera emateko, hainbat jolas egin zituzten denek elkarrekin.