Asteburu musikala kultur etxean

Txintxarri Aldizkaria 2016ko apirilaren 10a

Musika izan da protagonista nagusia Manuel Lekuona kultur etxean, amaitu berri den asteburuan. IV. Musika Asteaz gozatu dute herritarrek, ostegunetik igandera bitarte: lau emanaldik osatu dute egitaraua. Gaur eguerdikoa izan da aurtengo edizioko azken emanaldia: 'Plazandere' ikuskizuna oholtzaratu du Amaren Alabak talde zuberotarrak.

Gaur eguerdian kultur etxera bertaratu ziren ikusleek gogotik gozatu dute Amaren Alabak talde zuberotarrak taularatutako 'Plazandere' emanaldiarekin. 'A capella' erara kantatutako hamazazpi abestik osatzen dute taldearen bigarren lana.

Emanaldi hori IV. Musika Astearen azkenekoa izan da. Aipatutakoaz gain, beste hiruk osatu dute aurtengo egitaraua.

Sasibil taldeak 'La tabernera del puerto' zarzuela oholtzaratu zuen larunbatean. Pablo Sorozabal maisuak sortu zuen obra hori, 1936an.

Ostiral arratsaldean 'X una causa justa' diskako abestiak aurkeztu zituen Serafin Zubiri nafarrak. Hainbat arazo sozial abiapuntutzat hartuta, aukeratutako bakoitzarekin abesti bat egin zuen artistak. Haren zortzigarren lana da.

Osteguneko 'Eunate XXI' emanaldiak osatu du egitaraua.