Planteamendu erabat desberdinak zelairatu zituzten bi taldeek. Ostadarrek baloia pazientziaz mugitzearen aldeko hautua egin zuen, atzeko lerroetatik jokatzen ateraz; Texasek, berriz, baloia lapurtu bezain pronto kontraeraso azkarrak egiten saiatu zen.
Ostadarrenak izan ziren lehenengo zatiko aukera garbienak. Gola egin aurretik, beste abagune bat eduki zuen Jon Kortak, baina ez zuen ate aurrean asmatu. Bigarrenean bai, ordea: baloi luze bat ongi kontrolatu ostean, jaurtiketa indartsu batekin 1-0ekoa jarri zuen markagailuan. Texaseko jokalari eta entrenatzaileek asko protestatu zuten jokaldia, esaten baitzuten baloia zelaitik irten zela segundo batzuk lehenago. Atsedenaldira joan aurretik Texasek eduki zuen aukeraren bat berdinketa sartzeko, baina ez zuen lortu.
Berdinketaren golaren bila jarraitu zuen Texasek bigarren zatian, baina Ostadarrek aurkitu zuen bigarrena sartzeko bidea, Jon Mikelek maisuki jaurtitako falta baten bitartez. Ez zen gehiago mugitu markagailua: 2-0 Ostadarren alde.