Erabakitzeko eskubidea helburu

Txintxarri Aldizkaria 2016ko api. 8a, 22:13

Erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarria egin dute gaur arratsaldean ostiralean Loidibarren frontoian. Gure Esku Dagok 2016ra begira antolatutako ekimenen artean mugarri da irakurri da adierazpena. Bi puntu nagusi onartu dituzte: Euskal Herria bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea duen herria dela, eta euskal herritarroi dagokigula erabaki hori hartzea. 2017an galdeketa egitea dute xede; 1.500 sinadura behar dituzte horretarako.

Ainara Hernando eta Txema Valles kazetariek irakurri dute adierazpena, euskaraz eta gaztelaniaz, hurrenez hurren. Hura idatzi duen lantaldea eta babestuko duten herritarrak bildu dira Loidibarren frontoian. Erantzuna sekulakoa izan da: 300 pertsona baino gehiago bildu dira pilotalekuan.

Talde anitza batzea izan da helburua, “herriko eremu, adin eta pentsamolde ezberdinetako” herritarrak gehituz.

Adostutakoa irakurtzeaz gain, argazki bateratua atera dute amaieran, pilotalekuko harmailetara igota.

2017an kontsulta

Erabakitzeko eskubidearen aldeko herri kontsulta egiteko bidea lantzeko konpromisoa hartu dute Loidibarrenen bildutakoek.

Eskaera bideratu ahal izateko, diotenez, 16 urtetik gorako lasarteoriatarren artean %10ak babestu beharko du gutxienez.

Hala, 1.500 sinadura inguru lortzeko erronka jarri diote euren buruari.

Gaur bertan ekin diote firmak biltzeari. Ekainaren 12an egingo duten ‘Adierazpen egunera’ arte jasoko dituzte. Sarean sinatzeko aukera egongo dela azpimarratu dute.

Adierazpena

Erabakitzeko eskubidearen aldeko jarrera erakustea da irakurritako testuaren muina, “oinarrizko printzpio demokratikoa” delako.

Lasarteoriatar anitzak batu direla nabarmendu du idatziak; “elkarren bidelagun” izatea erabaki dutela azpimarratuz.

Argi utzi dute denek ez dutela babesten proiektu bera. Dena den, onartu dute “Euskal Herria izango den hori euskal herritarrek erabaki” beharko dutela.

Hori kontuan izanda, bi puntu nagusi adostu dituzte:

“Euskal Herria bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea duen herria” dela batetik, eta “euskal herritarroi dagokigula erabaki hori hartzea”, bestetik.

Mezua gizarteratzea izango da Gure Esku Dagoren hurrengo urratsa eta erronka. Horretarako, sentsibilitate eta ideologia ezberdinetako gizabanakoak biltzeko ahalegina egingo dute.

Ekintzaz beteriko 2016a

Ekainean emango diote amaiera sinadura bilketari, egingo duten ‘Adierazpen egunean’. Halaber, hausnarketa bultzatzeko zenbait topagune antolatu dituzte orain arte, Kataluniari eta kirolariei buruzkoak, esaterako.

Apirilaren 30ekoa izango da beste hitzordu garrantzitsua. Torredembarra (Herrialde Katalanak) herriko hainbat lagun etorriko dira herrira bisitan (iaz lasarteoriatar ugarik ezagutu zuten herri hori). Katalan eta lasarteoriatarren "ametsak eta ilusioak" biltze aldera jaialdia egingo dute egun horretan. Amaiera berezia emango diote, gau partean: kriseiluak piztuko dituzte.