San Pedro Jaietako kartel lehiaketa martxan da

Txintxarri Aldizkaria 2016ko apirilaren 8a

Bi hilabete besterik ez dira geratzen Lasarte-Oriako San Pedro jaietako txupinek herriko erritmoa aldatu eta kaleetan jai giroa nagusi izateko. Lasarte-Oriako Udala lanean da ekaineko egitaraua osatzen, baina San Pedro Jaietako irudia ere erabaki behar du. Hori dela eta, 2016 urteko jaiak iragarriko dituen kartelaren lehiaketako oinarriak jakitera eman ditu.

San Pedro jaietako egitarauko ekintzak, Sorgin Dantzako txapela edo blusak izan dira aurreko urteetan Lasarte-Oriako jaietako irudi. Lan hauek lehiaketa bitartez aukeratukoak izan ziren. Ekintzak duen harrera ona ikusita, aurten ere Lasarte-Oriako Udalak San Pedro Jaiak iragartzeko kartelaren diseinuaren lehiaketa egitea erabaki du eta honen oinarriak eman ditu jakitera.

Lehiaketan nahi duen edonork parte hartu ahalko du eta pertsona bakoitzak egoki deritzon adina proposamen aurkeztu ahalko ditu.

Proposamenak jatorrizkoak izan behar dira, eta beste edozein lehiaketatan saritu gabeak.

Baldin eta kartel guztia edo haren zati bat osatzen duten irudien jabetza intelektuala egilearen esku ez badago, kartela ezingo da aurkeztu.

Kartel guztiek goiburu hau eraman behar dute inprimatua: 'San Pedro Jaiak Lasarte-Oria 2016'.

Kartela lantzeko teknika erabat librea da eta formatu digitalean nahiz formatu fisikoan aurkeztu ahalko dira. 

Aurkezpena

Kartela formatu digitalean aurkezten bada, JPG formatuan, 50x70 cm-ko tamainan eta 300 pixel hazbetekoa izan behar du. Artxiboaren izena obraren izenburutzat joko da. 

Lanak posta elektronikoz bidaliko dira sanpedrojaiak@lasarteoriasarean.eu helbidera.

Mezuan atxikita testuzko dokumentu bat bidaliko da, egilearen datu pertsonalak eta kontaktukoak dauzkana.

Kartela formatu fisikoan aurkezten bada, kartelak 50x70 cm-ko tamaina izanbeharko du. Kartelaren izenburuak haren atzealdean egon beharko du idatzia.

Kartelari gutun-azal itxi bat atxikiko zaio, egilearen datu pertsonalak eta kontaktukoak dauzkana.

Lanak Gaztelekuan dagoen Gazteen Informaziorako Bulegoan aurkeztuko dira, asteartetik ostiralera, 12:00etatik 21:30era eta larunbatetan 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara. 

Oinarrietan azpimarratzen den moduan, kartelen izenburuak ezin du egilearen izena izan.

Proposamenak aurkezteko epea apirilaren 29an amaituko da.

Herritarren iritzia

Lehiaketara aurkeztutako kartel guztiak Lasarte-Oriako Udalaren webgunean, www.lasarteoriasarean.eu ikusgai jarriko dira. 

Honetan izenburuaren bidez identifikatu ahalko dira, ez da sinadurarik agertuko.

Oinarrietan jakinarazten denez, lehiaketa honetara aurkeztearekin egileek espresuki haien lana webgunean erakusteko baimena ematen dute.

Era honetara, herritarrek ikusgai jarriko diren kartelei buruz duten iritzia adierazi ahalko dute. 

Iritzi hori Lasarte-Oriako Udaleko Gazteria, Festak eta Kirolak Batzordeak aintzat hartuko du kartel irabazlea hautatzerakoan eta haren erabakia apelaezina izango da.

Saria eta eskubideak

Irabazleak sari bakarra jasoko du, 600 eurokoa. Sari honi indarrean dagoen legediaren araberako PFEZa aplikatuko zaio.

Kartel irabazlearen egileak Lasarte-Oriako Udalari kartel hori egoki deritzen modu eta medio guztien bidez eta nahi adina aldiz erreproduzitzeko eskubidea emango dio. 

Modu berean, Lasarte-Oriako udalak ere bere gain hartzen du egileari kartelean aldaketak egiteko eskatzeko eskubidea (dagozkion logoak gehitu, festetan joko duten taldeen izenak gehitu, etab.), betiere lanaren esentzia errespetatuz.

Eta azpimarratzen denez, lehiaketa honetan parte hartzeak berekin dakar oinarriak onartzea.