Earra! bertso eskolak, zilarrezko ezteia

Lasarte-Oriako Earra! Bertso eskolak duela 25 urte eman zituen bere lehen pausoak. Hau ospatzeko apirilaren 21etik 24ra egitarau antolatu du. Hauen artean, apirilaren 23an, eskolako kide eta kide ohiak batuko dituen bazkaria antolatu da Xirimiri elkartean.

Bertso tertuliak, bertso saioak, desafioak, Bertsolari txapelketetako saioen emanaldia, haurren bertso eskola, bertsopaper lehiaketa... 25 urtetan hamaika izan dira Lasarte-Oriako Earra! bertso eskolak Ttakun kultur elkartearen laguntzaz antolatutako ekintzak. 

Herriko beste erakunde eta elkarteekin elkarlanarenbitartez, gure herrian bertsolaritza sustatu eta gazte zein helduen artean zaletasuna sortzen dihardu.

Horregatik, bertso eskolak bere zilarrezko ezteiak betetzen dituen honetan lau egunetako egitarau antolatu du zaletu, herritar eta bertso eskolako kide ohiekin ospatzeko. 

Egitaraua apirilaren 21ean, ostegunean hasi eta apirilaren 24an, igandean amaituko da. Ekintza guztiak, bazkaria izan ezik, irekiak eta doakoak dira.

Egañarekin solasean

Ospakizunekin hasteko Andoni Egañarekin tertulia izango da Xirimiri elkartean, 19:30ean.

Andoni Egañari bertsolaritzari buruzko galderak egin ahalko diote hurbiltzen diren herritarrek.

Bertso desafioa

Ostiralean, apirilaren 22an, 'Bertsotruk' bertso eskolen arteko desafioa izango da Jalgin Kafe antzokian 22:30etik aurrera.

Helduen bertso eskolen arteko harremanak sustatu asmoz antolatu da 'Bertsotruk' egitasmoa.

Euskal Herriko Helduen Bertso Eskolen Batzordeak abian jarri zuen 2015 urteko azaroan eta aurtengo maiatzean amaituko da. 26 bertso  eskola ari dira partehartzen, 9 multzotan banatuta. Lasarte-Oriari Gabiri eta Agurain egokitu zitzaizkion.

Otsailaren 26an herritarrak Gabirin izan ziren eta orain, buelta egingo dute. 

Patxi Etxeberria, Unai Muñoa eta Ane Labaka izango dira Lasarte-Oriaren izenean lanean. Gabiriko ordezkariak berriz, Eusebio Igarzabal, Endika Igarzabal eta Aratz Igarzabal dira.

Bazkaria

Bertso eskolako ikasle eta ikasle ohiek hitzordu polita dute apirilak 23an, Xirimiri elkartean.

Bertan guztiak batu eta  bazkari eder baten inguruan oroitzapenak elkarbanatzeko aukera izango dute.

Bertso eskolako kideek aditzera eman digutenez, bertso eskolako ikasle izan eta bazkarian parte hartu nahi duten herritarrek izena eman behar dute.

Horretarako, datorren asteko ostirala baino lehen (apirilak 15) deitu behar dute honako telefono zenbakira, 609 413 766.

Emakumeen errebindikazioa

Eta ospakizunekin amaitzeko, apirilaren 24an, igandez, 'Ez da kasualitatea' bertso-saioa musikatuaz gozatzeko aukera izango da.

Furia Beltza tabernan izango da hitzordua arratsaldeko 19:00etatik aurrera.

Umorea, jolasa, gogoeta, emakumeon arteko konplizitatea, musika eta bertsoa uztartzen dituen saioa da.

Horretan Oihana Iguaran, Miren Amuritza, Alaia Martin eta Ane Labaka herritarra izango dira kantari. Gai jartzaile lanetan Amaia Agirre ariko da.

Bertsolariak eta gai jartzailea emakumeak izatea ez da kasualitatea. Izan ere, ohikoak baitira gizonezkoez osatutako saioak, baina emakumeak protagonistak direnak, berriz, gutxi batzuk dira. 

Egoera hau azaleratu eta  emakumeez osatutako emanaldiak ere kasualitatez antolatzen joan daitezen ohitura bihurtzeko asmoz 2009 urtean martxan jarri zen egitasmoa. 

Geroztik asko izan dira saio ezberdinetan parte hartu duten emakumezko bertsolari eta gai jartzaileak.

Bertsolarien kantuak girotzen eta laguntzen Ixak Arruti gitarra jolea eta Eneko Sierra saxojolea izango dira.

Earra! bertso eskolak bertsozale eta herritarrei ekitaldietan parte hartzeko gonbita egiten die. 

Eta, aipatu legez, bertso eskolako kide ohiei bereziki larunbatean izango den bazkarian parte hartzeko deialdia egiten die.