Ana B. Garcia pianoan eta Josetxo Goi-Aribe saxoan Eunate XXI emanaldia eskaini zuten Manuel Lekuona Kultur etxeko aretoan.
Pirinioetako sartaldean mendez mende eta ahoz aho transmititu diren hainbat doinu moldatuz gozatu zuten entzuleek. Melodia atonalek, armonia jokoek, etab. abesti tradizional horiei gaur egungo musika mugimenduen kutsua eman eta entzuleen harridura sortu zuten.
Kontzertu amaieran ederki eskertu zuten musikari bikotearen lana.
Igandera arte
Esan bezala, musika astea hasi besterik ez da egin. Gaur 20:00etatik aurrera, 'X una causa justa' diskaren doinuez osatutako kontzertua eskainiko du Serafin Zubiri abeslari nafarrak.
Bihar, berriz, Sasibil elkarte lirikoaren eskutik 'Portuko tabernaria' zarzuelaz gozatu ahalko dute Manuel Lekuonara hurbiltzen direnek.
Asteari amaiera emateko, igandean, 12:30etik aurrera, 'Plazandere' emanaldia eskainiko du Amaren Alabak taldeak. Zuberoako poeten hitzak eta bertako doinuak ekarriko dituzte. Emanaldi hau doakoa izango da, baina gaur eta biharko saioetarako sarrera behar da.