Errefuxiatuekin egindako "bidegabekeriak" Europako "sinesmen etiko eta demokratiko erasaten ditu", Lasarte-Oriako EAJren ustez. Azaldu dutenez ez da "iheslarien krisialdi hutsa, egoera bidegabea baizik". Europar Batasunak eta haren barneko estatuen "balio-krisialdia" salatu dute, "balio instrumentalak pertsonen gainetik" jarri baitituzte haien ustetan.
Nabarmendu dutenez, "Europarekiko bokazioa eta konpromisoa" izan dute hasieratik euskal hiritarrek. Horregatik, "ahots kritikoa" azaleratzeko beharrean ikusi dira, EBren proiektuaren "gainbehera irudikatzen" duela uste baitute.
Hori dela eta, sorrerako "balio eta izpiritu humanistak" berreskuratzera berreskuratzeko deia luzatu dute. Errefuxiatuen krisiari erantzun gizatiarra emateak duen garrantzia azpimarratu du alderdiak.
Izan ere, iheslarien egoeraren kudeaketak etorkizunean Europaren izaera baldintzatuko duela uste dute. "Pertsona jardunaren muinean" kokatuko duten printzipioek izan behar dute EBren oinarria, EAJren arabera.
Lau eskaera
Astearteko Udalbatzarrean aurkeztuko duten mozioak lau puntu nagusi bildu ditu.
Lehenik, martxoaren 18an Europar Batasunak Turkiarekin itxitako akordioaren "adore eta konpromiso eza" salatuko dute. Europaren identitatea "arrisku larrian" jartzen duela nabarmenduko dute.
Elkartasun konpromiso bat hartzeko eskatuko diete Europari eta Batasuneko kide dien herrialdeei. Larrialdi egoeran dauden pertsonei laguntza emateko "konpromiso instituzionala, politikoa eta soziala" hartzeko galdegingo dute. Halaber, nazioarteko legeak betetzeko ardura dutela gogoratuko dute, 1951ko Genevako konbentzioa, Giza Eskubideen Adierazpena eta Europar Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Karta aipatuz.
"Irtenbide humanitario azkarraren" alde agertuko dira, "euskal erakundeek dagokien ardura hartzeko prest daudela" berretsiz.
Azkenik, EBri eta estatu kideei "pasabide humanitarioak" sortzeko eskatuko diete. Hala, iheslariei ongi etorria eta asiloa eskainiz.