Errenta aitorpena euskaraz egiteko deialdia

Txintxarri Aldizkaria 2016ko apirilaren 6a

Urtero bezala, errenta aitorpena euskaraz egiteko aukera dagoela jakinarazi dute Buruntzaldeko euskara batzordeek. Facebook-en iragarkia partekatzen duten pertsonen artean sagardotegi menua zozketatuko dute.

Errenta aitorpena euskaraz egiteak dituen onurak nabarmendu dituzte Buruntzaldeako euskara batzordeek. Egiteak berak gizarteari ekartzen dizkion etekinez gain, hizkuntza indartzen duela azpimarratu dute.

Hiru modu

Azaldu dutenez, errenta aitorpena egiteko dauden hiru moduetan euskarazko zerbitzua bermatuta dago Buruntzaldean.

Mekanizatua egin ahal izateko hitzordua apirilaren 15etik ekainaren 6a arte hartu ahal izango da. Izapidea egiteko garaian, Ogasunarekin harremanak euskaraz eduki nahi direla azaldu daiteke. Halaber, Ogasun zerbitzuekin aurrez aurre nahiz telefonoz euskal hizkuntza erabiltzeko aukera dagoela nabarmendu dute.

Autolikidazio proposamena onartu nahi izanez gero, euskaraz egin nahi dela esan daiteke. Hala, aurrerantzean Ogasunak agiriak hizkuntza horretan bidaliko ditu. Apirilaren 11tik ekainaren 25a bitartean egin beharko da.

Internetez, aldiz, errenta programaren euskarazko bertsioa jaitsi beharko da. Hobetsitako hizkuntzen atalean aukera liteke nahi dena. Apirilaren 18tik ekainaren 25a bitarteko epea dago modu honetan egiteko. 

Errenta aitorpena aholkularitza zerbitzu baten laguntzaz egiten duenak ere eska liezaioke euskaraz egiteko.

Sagardotegiko menua zozketan

Jakinarazi dutenez, Facebooken iragarkia partekatzen duten horien artean sagardotegiko menua zozketatuko dute.

Informazio gehiago nahi izanez gero, www.buruntzaldea.eus webgunean eta eskualdeko euskara zerbitzuetan eskura daiteke.