Udaberri Festako marrazki erakusketan parte hartzeko baldintzak

Txintxarri Aldizkaria 2016ko apirilaren 6a

Hirugarren urtez, Aterpeak Udaberri Festa antolatuko du maiatzean. Herriko ikastetxeetatik kanpo ikasten duten haurrek marrazki erakusketan parte hartu ahal izateko jarraibideak jakitera eman dituzte.

Aurtengo Udaberri Festako marrazki erakusketako gaia Lasarte-Oriaren 30. urteurrena izango da. Hori dela eta, herriko txoko kuttunena marraztu beharko dute. Lehengo urtean egin bezala, Aterpeako dendetan ikusgai jarriko dituzte.

3 eta 12 urte bitarteko ikasleei zuzendutako erakusketa da. Lasarte-Oriako ikastetxetan ikasten ez duten horiek Zumaburu liburudendan edota Kattagorri jolasdendan eskuratu ahal izango dute marrazkia egiteko kartoi mehea.

Apirilaren 30a bitartean kartoia jaso zuten leku berean aurkeztu beharko dira marrazkiak. Aterpeak, bere aldetik, maiatzaren 9tik 13ra jarriko ditu ikusgai bere saltokietan.

Egun horietan, haurrek haien marrazkiak bilatu beharko dituzte Lasarte-Oriako dendetan. Aurkituz gero, oparitxoa jasoko dute.